Martxoaren 21ean egingo dute San Jose Trikiti jaialdia

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 5a, 12:51

Azken urteetan ohi bezala, Azpeitiko Soreasu antzokian izango da, eta trikitilari ugarik parte hartuko dute jaialdian. Larunbatean, martxoak 7, jarriko dituzte sarrerak salgai. Azkoitian, Ixidro erretegian erosi ahal izango dira; trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita edo 943-83 28 28 (goizez) telefonora deituta ere eskuratu ahal izango dira.

Martxoaren 21ean, larunbatez, egingo dute aurtengo San Jose trikiti jaialdia, Azpeitiko Soreasu antzokian, 17:30ean hasita. Ohi bezala, hainbat trikitilarik parte hartuko du jaialdian. Aurtengo edizioan, honako musikari hauek izango dira oholtzan: Unai Dorronsoro, Martin eta Motriku; Roberto Etxebarria, Kepa Arrizabalaga eta Miren Etxebarria; Gozategi anai-arrebak; Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Antxieta txistulari taldeak; Estanga anai-arrebak; Xabi eta Kristina Solano eta Zigor Lampre; eta Astiasaran osaba-ilobak eta Aitor Aiastui.

Larunbat honetan, martxoak 7, jarriko dituzte jaialdirako sarrerak salgai. Azkoitian, Ixidro erretegian erosi ahal izango dira, eta Azpeitian, Mendizabalen, Pastorkuan eta Berdien. Horrez gain, trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita edo 943-83 28 28 (goizez) telefonora deituz ere erreserbatu ahal izango dira sarrerak. Trikitizaleentzako hutsik egin ezineko ekitaldia izaten da San Jose deiturikoa, eta azken urteetan sarrera guztiak agortu izan dira.

Hamabi euroko balioa du sarrera bakoitzak. Erreserbak egunean bertan, 16:00etatik 16:30era, jaso beharko dira leihatilan (16:30 baino lehen jasotzen ez direnak salgai jarriko dituzte).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide