Maider Arregi izan da irabazlea Erniarraitz bertso txapelketako lehen kanporaketan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 1a, 22:38

X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren lehen kanporaketa jokatu da gaur, Errezilgo Borondegin. Eder Iturralde, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Maider Arregi, Sarai Robles eta Unai Izagirre bertsolariek kantatu dute aurreneko kanporaketan. Arregi bertsolari oñatiarrak lortu du finala jokatzeko txartela. Izagirre azkoitiarrak laugarren egin du.

Gaur, igandea, jokatu da Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren aurreneko kanporaketa, Errezilgo Borondegin. Sei bertsolarik kantatu dute gaurko saioan; tartean, Unai Izagirre azkoitiarrak. Kanporaketa puntutan berdinduta amaitu da: Maider Arregi oñatiarrak eta Xabat Illarregi leitzarrak 245na puntu lortu dituzte. Epai irizpideen arabera, ordea, Arregik lortu du txapelketako finala jokatzeko txartela. Hirugarren puntuazio onena, 224,5 puntu, Joanes Illarregi leitzarrak lortu du; laugarrena, 221 punturekin, Unai Izagirre azkoitiarra gelditu da; bosgarrena, Sarai Robles barañaindarra, 205 punturekin; eta, seigarrena, 192,5 punturekin, Eder Iturralde errezildarra.

Kanporaketan bertsolariek egin behar izan dituzten ariketak honakoak izan dira: hiruna bertso zortziko handian; hiruna bertso zortziko txikian; puntuka, bi punturi erantzun beharra bertsotan; hiruna bertso hamarreko txikian; eta, kartzelako lana. Gai-jartzaile lanean Jon Zaldua aritu da, eta idazkari Eneritz Eizmendi. Epaimahaia, berriz, Oihana Arangurenek, Amaia Otxotorenak eta Bakarne Urreagak osatu dute.

Unai Izagirre bertsolari azkoitiarra ez da eroso jardun gaurko kanporaketako saioan. Burua bertsotan ez duela izan kantatu du agurreko bertsoan.

Maider Arregi: “Ilusioa egiten dit finalean kantatzeak”

Martxoaren 27an Azpeitiko Gaztetxean jokatuko den Erniarraitz bertso txapelketarako txartela lortu du gaur Maider Arregi (Oñati, 1996) bertsolariak. Kanporaketa irabazita, Errezilgo Udalak emandako oroigarria jaso du bertsolariak Xebero Agirretxe Errezilgo alkatearen eskutik.

Hirugarren aldiz parte hartu du Erniarraitzek antolatutako txapelketan, baina aurreko bi aldietan ez zuen lortu finala jokatzerik. Hala kantatu du agurreko bertsoaren bukaeran: “Oso gustura kantatzen dugu entzuten digutenetan”. Saioa bukatu ostean, “gustura” jardun duela azaldu du Arregik, baina adierazi du ez zuela bere burua lehenengo postuan ikusten: “Poztu naiz, ordea, finalean kantatzeak ilusioa egiten didalako". Finala jokatzeko gogoz dagoela adierazi du bertsolari oñatiarrak.

Azkoitiko kanporaketa, martxoaren 22an

Errezilgo kanporaketaz gain, beste bi kanporaketa jokatuko dira datozen asteetan. Bigarren kanporaketa martxoaren 15ean izango da Zestoako Kultur Etxean, 17:30ean hasita. Orduan honako bertsolariek abestuko dute: Iker Letamendia, Eli Pagola, Irati Ancantarilla, Markel Eizagirre, Jon Gurrutxaga eta Mikel Iturriotz.

Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dute martxoaren 22an, 17:30ean hasita. Julene Iturbe, Ane Zuazubiskar, Asier Galarza Muxi, Oier Etxeberria, Imanol Albizu eta Aitor Zubikarai arituko dira bertsotan Azkoitiko saioan.

Finala martxoaren 27an, ostiralez, jokatuko dute, eta azken urteetan ohi bezala, Azpeitiko Gaztetxean izango da. 22:00etan hasiko da finaleko saioa. Finalean, hiru kanporaketetako irabazleek eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste hiru bertsolarik kantatuko dute; guztira, sei bertsolarik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide