Filmen musika bandak zuzenean, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 28a, 10:38

Haurrentzat emanaldi "berezia" prestatu dutela adierazi du Ismael Conde zuzendariak: "Bost filmen aurrerapenak bata bestearen atzetik ikustea bezala izango da". 

Kontzertu berezia eskainiko du Azkoitiko Musika Bandak igandean, Baztartxon, 12:30etan hasita. Bost filmen musika bandak joko ditu zuzenean, pantailan film horien irudiak botatzen dituzten bitartean. Baztartxon jotzeko aukera urtean behin izaten dutela eta "zerbait berezia" egin nahi izaten dutela aitortu du Ismael Conde zuzendariak. Haur eta gaztetxoei zuzendutako saioa izango da igandekoa. "Ilunpean, lanparatxo batzuen argipean, emango dugu kontzertua, eta bertaratzen diren haurrentzat bost filmen aurrerapenak bata bestearen atzetik ikustea bezala izango da", adierazi du Condek. 

Hain zuzen ere, Elkano, lehen mundu bira filmeko musika banda izango da igandeko emanaldian joko duten horietako bat, Joseba Beristain  musikagile azkoitiarrak sortua. Pieza hori interpretatuz, Beristaini "omenaldi txiki bat" egin nahi diotela esan du Musika Bandako zuzendariak. "Polita izango da bai beretzat eta baita guretzat ere". Emanaldiaren bukaeran Beristaini "opari txiki bat" egingo diotela ere aurreratu du Condek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide