Jon Perezek 1.500 metroko Euskadiko Txapelketa irabazi du

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 26a, 17:07

Azkoitia-Azpeitia Xeye taldeko atletak pista estalian absolutuen mailako Euskadiko Txapelketa irabazi du 1.500 metroko proban. Atleta azkoitiarra gustura dago joan den asteburuan Donostian lortutako garaipenarekin.

Pista estaliko absolutuen mailako Euskadiko Txapelketako probak jokatu ziren joan den asteburuan, Donostian. Jon Perez (Azkoitia, 1997) atletak 1.500 metroko proban urrea lortu zuen, 04:05:03 denbora eginda.

Garaipenarekin "gustura" dago Azkoitia-Azpeitia Xeye taldeko atleta azkoitiarra. "Lesio baten ondorioz urtebetez lehiatu gabe egon naiz, eta Gabonak aldera hasi nintzen berriro entrenatzen. Euskadiko Txapelketakoa bigarren lasterketa izan da, eta ez nuen espero horren ondo egitea. Atzetik aurrera egin nuen lasterka eta ondo atera zitzaidan", azaldu du Perezek.

Euskadiko Txapelketan egindako denbora "nahiko normala" dela dio. Iaz, esaterako, 1.500 metroko proban 03:58 denbora egin zuen Perezek. Gainera, iazko sasoian absolutuen mailan 3.000 metroko proban Gipuzkoako txapelduna izan zen.

Asteburuan bukatu zuen Perezek pista estaliko denboraldia, eta orain udan pista irekian jarduteko entrenatuko du Pedro Muñoz entrenatzailearekin. "Pixkanaka martxa hartzen joan nahi dut, lehengo denborak egitera itzultzeko. Udan ere 1.500 metroko probetan lehiatu nahi dut, niri ondoen datorkidan  eta gehien gustatzen zaidan proba delako", gaineratu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide