Munduko sokatira txapelketan ariko da Xabier Eizagirre Ibarrako taldearekin

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 19a, 10:00
Xabier Eizagirre tiralari azkoitiarra, urtarrilean Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatutako jardunaldian.

Irlandan jokatuko dute Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa bihar, osteguna, hasita. Azkoitiar tiralariak kluben artekoa eta nazioartekoa jokatuko ditu Ibarrako taldearekin.

Bihar hasi eta igandera bitartean, Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa jokatuko dute Irlandan, Donegal konderriko Letterkenny hirian. Xabier Eizagirre (Azkoitia, 1967) Gipuzkoako Ibarra taldearekin ariko da lehian. Tiralariak aitortu du gogoz dagoela txapelketarako.

Euskal Herriko hamar sokatira klubetako taldeak ariko dira txapelketaren barruan jokatuko den nazioarteko kluben arteko lehian. Txapelketa hori bihar eta etzi jokatuko dute. Basque Country izendapenarekin bederatzi klub ariko dira: Arabako Badaiotz eta Bizindar; Bizkaiko Gaztedi eta Murueta; Gipuzkoako Ibarra; eta Nafarroako Antsoain, Berriozar, Beti-Gazte eta Txantrea. Horiez gainera, Lapurdiko Zuraide sokatira taldeak ere parte hartuko du.

Kluben arteko sokatira txapelketaren ondoren, nazioen arteko Munduko Txapelketa jokatuko dute; larunbatean eta igandean izango da. Kasu horretan, Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako talde txapeldunek ordezkatuko dute Euskal Herria. Hala, Eizagirre Ibarrarekin 640 eta 560 kilokoetan lehiatuko da. 640 kiloko Euskal Herriko txapelduna Lesakako (Nafarroa) Beti-Gazte taldea da berez; baina talde horrek beste maila bateko txapelketa ere jokatuko duenez, Ibarra ariko da haren ordez, Euskal Herrikoan txapeldunordea delako.

Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa bi urtetik behin jokatzen dute, eta aurrekoan ere aritutakoa da Eizagirre. "Orain dela bi urte Txinan jokatu zen munduko txapelketa, eta oso esperientzia ona izan zen han bizitakoa. Orduan, kluben artekoan brontzea lortu genuen 600 kilotan eta nazioartekoan, berriz, zilarra".

Eizagirre astelehenean joan zen Irlandara Ibarrako taldekideekin batera. Txapelketan parte hartzeko pisaketa izango dute gaur tiralari guztiek. Gero, pisu horrek txapelketa guztirako balioko die. «Pisatu ondoren lasai jateko eta edateko aukera izango dugu. Baina pisatu arte goseari eutsi beharko diogu», adierazi du tiralari azkoitiarrak.

Txinako taldeak falta

Bihar hasiko dute sokatirako kluben arteko lehia tiralariek. Euskal Herrikoen artetik, Lesakako Beti-Gazte taldea aurten «oso indartsu» dabilela nabarmendu du Eizagirrek. Mundu mailan, goma gainean sokatiran, gizonetan nahiz emakumeetan, Txinakoak dira tiralari indartsuenak. Oraingo txapelketan, ordea, ez dute parte hartuko txinatarrek, koronabirusa dela eta. Txinakorik egon ez arren, aurkari faltarik ez dutela izango dio Eizagirrek: «Eskoziakoak, Irlandakoak, Herbehereetakoak eta Suitzakoak ere talde onak dira».

Ahalik eta lanik onena egiten saiatuko direla adierazi du Eizagirrek, Euskal Herrira dominaren bat ekartzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide