Bilera egin dute Foru Aldundiko, Udaleko eta Egoitza Kalera taldeko ordezkariek

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 15a, 10:00
Foru, udal eta Egoitza Kalera taldeko ordezkariak. (Argazkiak: Udala)

Atzo, ostirala, egin zuten bilkura Azkoitiko Udalean, eta bertan adostu zuten zenbait zerbitzu herrigunera jaisteko egon daitezkeen aukerak aztertzeko hausnarketa abiatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Maite Peña diputatua Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin eta Egoitza Kalera taldeko kideekin bildu zen atzo, ostirala, Azkoitiko udaletxean. Gizarte Zerbitzuetako mapa oinarri hartuta, foru erakundeak etorkizunera begira sustatuko dituen plangintza eta lehentasunak partekatu zituzten lehen hartu-emanean. Halaber, zenbait zerbitzu herrigunera jaisteko egon daitezkeen aukerak aztertzeko hausnarketa abiatzea adostu zuten bi erakundeek.

"Foru Aldundia bat dator Udalarekin eta Egoitza Kalerak egiten duen aldarrikapenarekin pertsona nagusien egoitza berriak erdiguneetan edo erdiguneetatik ahalik eta hurbilen egon behar dutela defendatzerakoan", azaldu zuten Udaletik. Maite Peña diputatuak azaldu zuen prozesuak luze joko duela. "Pertsona nagusiak komunitatetik ahalik eta hurbilen egotea nahi dugu, baina hau epe luzera begirako prozesua da", adierazi zuen.

Bestalde, bailaran egoitzetako plazen zabaltzearen inguruan duten plangintza partekatu zuen Maite Peña diputatuak bileran, eskariaren bilakaera eta lehentasunak azaltzearekin batera. "Gipuzkoako itxaron zerrenda une honetan 652 plazakoa da. Bailaran ez dago ia gabeziarik eta Azkoitiko itxaron zerrenda une honetan hiru pertsonakoa da", erantsi zuen. Udalaren arabera, bilerak "planteatutako bidetik aurrera egiteko" balioko du.

Eguneko bigarren bilera

Udal ordezkariekin eta Egoitza Kalerako kideekin bilera amaitu ostean, alkateak, Ana Azkoitia alkateordeak eta Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak bigarren bilera egin zuten Maite Peña diputatuarekin, Elena Basagoitia Gipuzkoako Erakunde Publikoen zuzendariarekin eta Carlos Alfonso Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusiarekin, "herriari eragiten dioten beste hainbat gai soziali buruz" hitz egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide