Posta bidezko botoa eska dezakete herritarrek dagoeneko

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren edo arazo fisikoak dituzten herritarrek eman dezakete boza posta bidez; martxoaren 26rako egin behar dute eskaera Correosen bulegoetan. Atzerrian modu iraunkorrean bizi direnek martxoaren 7ra arte egin ahalko dute boto eskaera.

Datorren apirilaren 5ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta dagoeneko zabaldu dute posta bidezko botoa eskatzeko epea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren edo arazo fisikoak dituzten herritarrek martxoaren 26ra arte izango dute hauteskunde erroldaren ziurtagiria eskatzeko aukera Correosen edozein bulegotan; ziurtagiri hori beharrezkoa da posta bidezko botoa emateko.

Posta bidezko boza eman nahi duen herritarrak berak joan beharko du Correosera, eta hark NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko du. Aldiz, gaixotasun edo urritasunen bat duten herritarrek beren egoera frogatzen duten medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta eskaera notarioak edo kontsulatuak baimendutako beste pertsona batek egin ahal izango du.

Bildutako eskabide guztiak Hautesle Erroldaren Bulegoko Lurralde Ordezkaritzetan utziko ditu Correosek, eta herritarrek martxoaren 16tik 29ra bitartean jasoko dute posta bidezko botoa eman ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa. Ondoren, Correosen eman beharko dute boza.

Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren pertsonek ere eska dezakete posta bidezko boza. Horiek martxoaren 7ra arte izango dute eskaera egiteko aukera, ohiko prozedura jarraituta.

PSE-EEren bulegoa zabalik, herritarrei laguntzeko

Azkoitiko eta Azpeitiko PSE-EEk, beren aldetik, apirilaren 5ean botoa ematera joan ezin duten edo posta bidez botoa eman nahi duten herritarrei laguntzeko zerbitzua eskainiko dute Azkoitian duten egoitzan. Sozialistek Julio Urkixo kaleko 11 zenbakian duten Herriko Etxean eskainiko dute laguntza gaurtik martxoaren 26ra bitartean. Tarte horretan, asteartetik ostiralera bitartean lagunduko diete herritarrei, 12:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era bitartean. Informazio gehiago behar duten herritarrek, berriz, 943-85 20 51 telefono zenbakira deitu dezakete zalantzak argitzeko.

EH Bilduren Bilgunea, zabalik

Azkoitiko EH Bilduk jakinarazi du, herritarrei posta bidezko botoa eskatzeko laguntza eskainiko diela Julio Urkixo etorbidean inauguratu berri duten Bilgunean. Astelehenetan eta astearteetan, 16:30etik 18:30era egongo da zabalik Bilgunea, eta ostegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Apirilaren 5ean bozkatzera joateko arazoak izango dituzten herritarrei edo kanpoan egongo direnei eskainiko diete laguntza. Correoseko edozein bulegotan egin daiteke eskaera botoa posta bidez emateko. Bilguneko ordutegitik kanpo, 645 280 797 telefono zenbakira deitu edo Whatsappera idatz dezakete herritarrek zalantzak argitzeko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide