Jubilatuen elkarteko taberna lehiaketara atera du Udalak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 11a, 15:33
Plaza Ondo jubilatuen elkarteko taberna. (Azkoitiko Udala)

Otsailaren 26an amaituko da lehiaketara eskakizunak aurkezteko epea. Kontratuak bi urteko iraupena izango du, eta gehienez beste bi urtez luzatu ahal izango da.

Azkoitiko Udalak lehiaketara atera du Plaza Ondo jubilatuen elkarteko tabernaren kudeaketa. Joan zen abenduan jarri zuen martxan lizitazio prozesua, baina esleitu gabe gelditu zen. Izan ere, proposamen bakarra aurkeztu zuten lehiaketara, eta ez zituen eskakizunak betetzen. Hori dela eta, Udalak berriro atera du lehiaketa tabernaren kudeaketa, eta oraingoan, otsailaren 26ra bitartean izango da lehiaketara proposamenak aurkezteko aukera. Udalak adierazi duenez, bi urteko iraupena izango du kontratuak eta gehienez ere beste bi urtez luzatu ahal izango da, lau urte bete arte.

Arduradunek erretiratuen eta pentsiodunen etxe osoaren garbiketaz arduratu beharko dute, tabernan, kafetegian eta jatetxean zerbitzua emateaz eta horiek zaintzeaz gain. Horrez gain, baita jubilatuen etxeko ateazaintza zerbitzua eskaini ere. Honako lotura honetan irakur daiteke lehiaketara eskakizunak aurkezteko informazio guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide