'Hansel eta Gretel' haurrentzako antzezlana eskainiko dute zapatuan Baztartxon

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 10a, 15:11
Hansel eta Gretel antzezlaneko irudia. (Argazkia: Hansel eta Gretel)

Zapatuan, otsailak 15, 18:00etan eskainiko dute Hansel eta Gretel haurrentzako antzezlana Baztartxo antzokian. 

Datorren zapatuan, otsailak 15, Hansel eta Gretel haurrentzako antzerkia eskainiko dute, Baztartxo antzokian. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta zuzenean ikusteko sarrera 4 eurokoa izango da. Grimm anaien lana Borobil Teatro konpainiako Anartz Zuazuak zuzendu du. Aktore lanetan, berriz, Kepa Errasti, Libe Aranburu eta Asier Oruesagasti arituko dira. Hona hemen antzezlanaren sinopsia:

"Behin batean norbaitek munduko errezeta liburu guztiak desagertarazi zituen eta jendeari sukaldatzea ahaztu zitzaion. Ordutik inork ez du benetako janaria jaten. Hirian ireki diren Amonioburger-etan saltzen diren hanburgesak bakarrik jaten ditu jendeak.

Juan Mari sukaldari ezaguna zen,eta bere jatetxea beti leporaino beteta izaten zuen. Baina bere errezeta liburua desagertu zenetik, ospea eta bezeroak galdu egin ditu. Eta bankuak jatetxea ixteko mehatxua ere egin dio. Juan Mariren seme alabek, Hanselek eta Gretelek, ez dute hau onartuko eta bankuarekin hitz egitera joateko erabakia hartuko dute. Arazo bat dago ordea, bankura iristeko basoa zeharkatu behar da. Eta kondairak dioenez, bertan, karameluzko sagarrak ematen dituen zuhaitz bat dago. Sagar horietako bat probatzen duena ez da inoiz etxera bueltatuko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide