HARA! Dunne taldeak 'Argi Eza' bideoklipa kaleratu du

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 10a, 10:31

Gorka Alcalde eta Ander eta Gorka Franco azkoitiarrek osatzen duten taldearen aurreneko bideoklipa da argitaratu dutena, eta Youtube atarian ikus daiteke. Raul Quircek zuzendu du lana, eta Ignacio Juaristi azkoitiarra aritu da aktore lanetan. 

Dunne Azkoitiko musika taldeak Argi Eza izeneko aurreneko bideoklipa kaleratu du gaur, astelehena, Youtube atarian. 2018ko udaberrian, Azpeitiko 2NOISI estudioan grabatu zuten lau abestiz osatutako Argi Eza EPa, Aritz Guerraren eta Oihan Lizasoren gidaritzapean, eta orain, hango kantuetako batekin osatu dute ikus-entzunezkoa. Raul Quircek zuzendu du bideoklipa, eta Ignacio Juaristi azkoitiarra aritu da aktore lanetan.

Slaktius musika taldeko errautsetatik sortutako hirukotea da Dunne, eta Gorka Alcaldek —ahotsa eta gitarra—, Ander Francok —baxua— eta Gorka Francok —bateria— osatzen dute. Batez ere, stoner eta hardcore doinuak lantzen ditu taldeak, eta musikariek egungo gizarteri kritikak egiten dizkiote abestien letren bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide