Kirol Federatuen saria jaso du Txelu Fernandez Anaitasuna Kakute Xake taldekoak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 8a, 12:34

Joan den ostegunean Gipuzkoako Kirol Federazioaren Elkartearen Afedegi Gala ospatu zuten Donostian. Gala horretan, Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake taldeko Txelu Fernandez saritu zuten, Gipuzkoan xakea sustatzeko egin eta egiten duen lanagatik.

Txelu Fernandez Anaitasuna Kakute Xake taldekoak Kirol Federatuen Saria (Afedegi) jaso zuen joan den ostegunean, Donostian. Gipuzkoako Kirol Federazioaren Elkartearen Afedegi Galan eman zioten saria Fernandezi, Gipuzkoan xakearen alde egindako lanagatik eta kirol hori sustatzeko egindako ahaleginagatik. Fernandez xakeko arbitroa eta irakaslea izateaz gainera, hainbat xake txapelketaren antolatzailea da eta Anaitasuna Kakute Xake elkarteko kidea.

Fernandezek "oso pozik" jaso du saria, eta beste hainbat urtetan xakea bultzatzen eta ezagutarazten jardun nahiko lukeela adierazi du. "Azkoitia bezalako herri batentzat Anaitasuna Kakute Xake klubak eta bertako kideek lan handia egin dute. Horrez gain, xakearen bueltan giro ederra sortu dute. Haientzako eta haiengatik atsedenik gabe egin dut lan", adierazi du Fernandezek saria jasotakoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide