Datozen lau urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 27a, 10:08

Azkoitiko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) berria du indarrean urtea hastearekin batera.

Herrian euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, datozen lau urteetan gauzatzeko hainbat ekintza zehaztu du planean erakundeak, eta hark adierazi duenez, aurrekoaren jarraipena izango da oraingoa ere.

2020-2023ko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana osa-tzeko orduan, Udalak Azkoitiko datu soziolinguistikoak izan ditu oinarri. Azkoitiko euskararen ezagutza maila jakiteko, hamar urtetik behin herritarrei galdeketa egiten die Udalak, eta adierazle horren azkeneko datuak 2016koak dira; aldiz, euskararen erabileraren berri kale neurketei esker izaten du Udalak, eta azkenekoz, 2018an egin zuten azterketa hori. Azkoitian, euskararen ezagutza mailaren –%76,9– eta erabileraren –%68,9– arteko aldea zortzi puntukoa da, eta onartu berri duten planaren helburu nagusia da emaitza horri eustea, eta ahal den neurrian hobetzeko erronka ere jarri dute; hau da, ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea ahalik eta txikiena izan dadin lan egingo dute.

Besteak beste, irakaskuntzan, euskalduntze alfabeta-tzean, administrazioan, sozio-ekonomian, kulturgin-tzan, publizitatean, hedabideetan, teknologian edota sentsibilizazioan eragiteko, askotariko ekintzak zehaztu dituzte 2023ra arte gauzatzeko, eta aurreko planean egin gabe geratu ziren hainbat egitasmo txertatu dute oraingoan ere. Azkoitiko lexikoa jasotzea eta ezagutaraztea da horietako bat, eta Udalak lehentasunen artean jarri du neurri hori.

Udalbatzak 2019ko abenduaren 27an egin zuen osoko bilkuran onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana aho batez, eta urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egongo da indarrean. Aurreko plana 2015-2018 urteen artekoa  izan zen, eta Udalak beste urtebetez luzatu zuen gero, iazko Udal hauteskundeen eraginez, gobernu berriak plan berria zehazteko aukera eta denbora izan zezan. Amaitu den plana, berriz, eraginkortzat jo du Udalak, 2014tik 2018ra artean ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea erdira murriztu zelako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide