'Hankak lurrin' irratsaioak jaso du irratiko Argia saria

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 31a, 17:00
Argia sarietan saritutakoak.

Argia sarien 31. edizioa egin dute gaur Usurbilen. Sei sari banatu dituzte bertan, eta irratiko Argia saria Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak lurrin saioak jaso du. Irratsaio hori egiten duten Iñaki Segurolak eta Xabier Arenazak jaso dute saria.

2020 Argia sariak banatu dituzte gaur, Usurbilgo (Gipuzkoa) Atxega jatetxean. Sei sari banatu dituzte, eta irratiko Argia saria Azkoitiko Matadeiko Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak lurrin saioak jaso du. Irratsaio hori egiten duten Iñaki Segurolak eta Xabier Arenazak jaso dute saria Eneritz Arzallus Argiako kazetariaren eskutik.

2013. urtetik egiten dute Hankak lurrin irratsaioa Segurolak, Arenazak eta Miel Rodriguezek. Irratsaioa Arenaza eta Rodriguez egiten hasi zirela adierazi du Segurolak, eta ondoren gehitu zela bera: "Ni geroko eranskin bat naiz". Hankak lurrin irratsaioa "nahigabe" egiten dutela azaldu du Segurolak: "Irizpiderik gabe, antolaketarik gabe, berrikuntza eta ikerketarik gabe, teknikoa kristalaren atzean utzi gabe, aurrekonturik gabe... Ia nahigabe bezala. Ahala da gurea, behekoen ahala ere handia da. Ahala mugagabea da. Ahal handi horrekin ia nahigabe atera egiten da". Arenazanak, berriz, Arrosa Sarea nabarmendu du saria jasotzeko orduan: "Sare inportantea da Arrosa Sarea, eta sare hori gabe ez zen egongo Hankak lurrin bezalako saiorik". Hankak Lurrin irratsaioko hirugarren kideak, Rodriguezek, bideoz hitz egin du sari banaketa ekitaldian. Eskerrak eman ditu Rodriguezek, eta sariak "ilusio" handia egin diola azaldu du.

1989an hasi ziren banatzen Argia Sariak. Sei sari banatu dituzte gaur: ikus-entzunezkoa, irratia, prentsa idatzia, internet, kanpaina eta merezimenduzkoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide