Grebaren balorazio "positiboa" egin du Azkoitiko Greba Batzordeak

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 30a, 13:39

Elkarretaratzearen ostean egin du Azkoitiko Greba Batzordeak greba egunaren lehen balorazioa.

Azkoitiko Greba Batzordeak eguerdian egin du gaurko greba deialdiaren lehen balorazioa. Batzordeko kideek adierazi dutenez, grebaren balorazioa "positiboa" ari da izaten. Goizean goiz hasita, industrialdeetako lantegietan ibili da pikete informatiboa, eta Greba Batzordeak jakinarazi du lantegi handienetako greba asanbladek grebarekin bat egin dutela; asanbladak egin ez diren lantegietan ere langileak kalera atera direla nabarmendu dute.

Oro har, industrialdeek "itxura tristea" zutela nabarmendu dute batzordeko kideek. "Herriko dendari gehienek bat egin dute, nahiz eta goizean goiz herriko banketxe batzuk irekita zeuden. Goizak aurrera egin ahala, pixkanaka ixten joan da guztia", adierazi du Greba Batzordeak. Datu gehiago dituztenean egingo du balorazio orokorra Azkoitiko Greba Batzordeak. 

Arratsaldean, ekintza gehiago

Gogorarazi dute greba kontsumo greba ere badela, eta horregatik egun guztian zehar Kontzejupean eta plazan egingo dituzte greba egunerako deitutako ekintzak. Etxetik eramandako janariekin egin dute hamaiketakoa goizean, eta gauza bera egingo dute bazkariarekin. Bazkalostean, kafe tertulia ere egingo dute. 18:00etan, manifestazioa eta kazerolada egingo dituzte herriko kaleetan zehar, eta, 19:00etan, antipoteoa. Hona hemen egitaraua:

  • 14:00. Bazkari autogestionatua, Kontzejupean.
  • 15:30. Kafe tertulia.
  • 18:00. Manifestazioa eta kazerolada.
  • 19:00. Anti-poteoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide