Otsailaren 4tik 6ra izango da Azkoitiko Mendi Astea

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 29a, 10:25
Silvia Trigueros 'Tor' filmeko irudi batean.

Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatuta, Mendi Astea izango da otsailaren 4an, 5ean eta 6an. Eskaladaren eta mendi lasterketen inguruko hitzaldiak eta 'Tor' filmaren emanaldia eskainiko dituzte aurten.

Beste urte batez, Mendi Astea antolatu du Anaitasuna Mendi Bazkunak, eta otsailaren 4tik 6ra bitartean hainbat ekitaldi izango da herritarren gozamenerako. Jon Segurolaren Eskalada munduan zehar hitzaldiarekin hasiko da Mendi Astea, hilaren 4an, asteartea, eta zenbait irudi ere proiektatuko dituzte bertan. Hilaren 5ean, berriz, Arkaitz Iruretak, Javi Dominguezek, Izaskun Zubizarretak eta Fermin Ilarregik mendiko eski lasterketen inguruan hitz egingo dute. Azkenik, otsailaren 6an, Silvia Triguerosek eta Iñaki Urrestik Tor filma aurkeztuko dute; Triguerosek Tor de Geants izeneko 330 kilometroko lasterketan egindako proba agertzen da pelikulan, eta emanaldiaren ondoren filmeko protagonistak eta zuzendariak solasaldia eskainiko dute. Ekitaldi guztiak Floreaga Ikastetxean izango dira, 19:30ean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "betiko bideari" eutsi diote aurtengo Mendi Astea antolatzerakoan, eta "gertuko jendeak egindako abentura mundialak" erakutsi nahi izan dituzte.

Hona hemen Mendi Asteko egitaraua, osorik:

  • Otsailak 4, asteartea
    • Eskalada munduan zehar hitzaldia, Jon Segurolaren eskutik. Floreaga Ikastetxean, 19:30ean.
  • Otsailak 5, asteazkena
    • Mendiko eski lasterketak eta abenturak hitzaldia, Arkaitz Irureta, Javi Dominguez, Izaskun Zubizarreta eta Fermin Ilarregiren eskutik. Floreaga Ikastetxean, 19:30ean.
  • Otsailak 6, osteguna
    • Tor filmaren emanaldia eta solasaldia Iñaki Urresti zuzendariarekin eta Silvia Trigueros filmeko protagonistarekin. Floreaga Ikastetxean, 19:30ean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide