Iban del Campo zinegilearen filmak eskainiko ditu aste honetan Zinetogramek

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 27a, 10:15
'Glittering Misfits' filmeko irudi bat.

Etzi, asteazkena, Iban del Camporen 'Tigger!' filma eta Mathieu Amalricen 'Tournée' filmak emango ditu Zinetogramek Matadeixen. Hilaren 31ean, aldiz, del Camporen 'Glittering Misfits' eskainiko dute Baztartxon, eta egilea bertan izango da filma aurkezten.

Iban del Campo zinegilea izango da protagonista aste honetan Zinetogramen karteldegian. Hasteko, etzi, asteazkena, del Camporen Tigger! filma eta Mathieu Amalricen Tournée filmak eskainiko dituzte Matadeixen. Ostiralean, aldiz, Iban del Campo Baztartxo antzokian izango da 2019ko Donostia Zinemaldian parte hartu duen Glittering Misfits filma aurkezten. 22:00etan emango dute filma, eta ondoren, solasaldia izango da.

2001etik aurrera egin ditu Iban del Campok bere film labur nagusiak: Un tal Eusebi, Dirty Martini, Tigger! eta Espedizio Handia izeneko opera space film laburra, familiako Super-8 zinema film formatua eta pelikula zaharren zatiak erabilita egindakoa. New Yorken sortutako New burlesque mugimendua ateratzen da bere azken lanetan. New Yorkeko gau giroa ageri da Glittering Misfitsen, eta Dirty Martini eta Tigger dira bertako bi protagonistak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide