Egunean behin, adinak bost

Gipuzkoako Hitza 2020ko urt. 24a, 12:33

Manolo Larrañaga azkoitiarrak 92 urte ditu, eta bera izan da Egunean Behin euskarazko aplikazio arrakastatsuaren finaleko parte hartzailerik beteranoena. Gipuzkoako Hitzak Manolorekin eta haren ilobarekin hitz egin du.

Egunean Behin lehiaketa iazko fenomenoetako bat izan da Euskal Herrian. Sakelakoetarako doako aplikazio hori martxoan merkaturatu zuen Eibarko Codesyntax enpresak, eta euskarazko aplikazio batek sekula izandako arrakastarik handiena erdietsi du. Bi asteren buruan, 2.000 erabiltzaile zituen; lau hilabeteren buruan, 15.000; eta bederatzi hilabeteren buruan, 62.000 baino gehiago. Zalantzarik gabe, boladan dago jokoa, eta ez soilik sakelakoari itsatsita bizi diren millenial-en artean. Manolo Larrañagak (Azkoitia, 1927) 92 urte ditu, eta aitortu du "kateatuta" dagoela. Duela sei bat hilabete izan zuen jokoaren berri, eta, deskargatu zuenetik, ez du partidarik huts egin. Areago, abenduaren 14an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egin zuten zuzeneko finalean ere parte hartu zuen. Finaleko 102 parte hartzaileetatik beteranoena izan zen azkoitiarra.

Manolok zuzeneko finalean parte hartzearen errua haren ilobak du, Gaizka Larrañagak (Azkoitia, 1969). "Irailetik abendurako aste bakoitzeko hamar onenak zuzenean sailkatu ziren finalera. Ni ez nintzen sailkatu, baina jakin nuen gonbidapen bidez parte hartzeko aukera ere bazegoela. Idatzi egin nien, eta onartu egin ninduten". Finalean parte hartzeko txartel bakarra zeukan Gaizkak, eta hura osabari ematea bururatu zitzaion. "Finaleko egunean bertan, hasi baino lehenago, parte hartuko nuela baieztatzera joan nintzen, eta galdetu nien ea nire gonbidapena osabari ematerik baneukan, nire ordez berak parte har zezan". Ezezkoa eman zioten hasieran, nahikoa lan bazutela eta ez hasteko gauzak nahasten. "Baina, gero, begira jarri zitzaizkidan eta ikusi zutenean urte batzuk banituela, osabaren adinaz galdetu zidaten. 92 urte zituela esan nienean, harrituta gelditu ziren. Aplikazioan ibiltzen al zen galdetu zidaten, eta nik baietz, familiako taldea geneukala eta inori ez ziola ezer barkatzen". Baiezkoa eman zioten azkenean.

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide