Kartzelako ate nagusitik ihes

Berria 2020ko urt. 22a, 09:21

40 urte bete dira ETA politiko-militarreko hiru kidek, hirurak azkoitiarrak, Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik; beste lau atean geratu ziren. Esku pilotak egiteko sokekin lotu zituzten kartzelazainak, haien arropak jantzi eta espetxeko ate handitik atera ziren, bisitarien artean nahastuta. Berria egunkariak argitaratutako erreportajea da honako hau.

Hiru preso kartzelako ate nagusitik ihes egiten, bisitara joandako jendearen artean; beste lau gauza bera egiteko prest eta bi lagun kanpoan autoetan zain, krabelin bana ahoan hartuta. Pelikula bateko gidoia dirudi 1980ko urtarrilaren 20an Martuteneko (Donostia) kartzelan egindako ihesaldiak.

40 urte igaro arren, ondo gogoan dute egun hura Txema Salegik (Azkoitia, Gipuzkoa,1958), Xanti Lopetegik (Azkoitia, 1959), Jose Luis Zabaletak (Azkoitia, 1956) eta Jose Ramon Matxineak (Azkoitia, 1958). Martutenen preso zeuden lehenengo hirurak eta Jose Ramon Matxinearen anaia Mikel —egun, hilda dago—. Garai hartan, ETA politiko-militarreko kideak ziren ihesaldian parte hartzen ari ziren guztiak.

Txema Salegik eta Mikel Matxineak ihes egitea lortu zuten, Izaskun Arrazolarekin batera. Bost minutu geroago gauza bera egiteko asmoa izan arren, ez zuten lortu Xanti Lopetegik, Jose Luis Zabaletak, Juan Jose Auserdik eta Jon Barojak.

Hiru hilabete pasatu zituzten kartzelan, ihesaldia prestatzeko nahikoa. "Sartu orduko hasi ginen ihesaldia prestatzen", ziurtatu du Salegik. Bestela, «kartzelan ustelduko zirela» esaten zioten elkarri. 1979ko urriaren 20an atxilotu zituzten, eta hamar egunean "tortura izugarriak" jasan zituztela salatu dute Zabaletak ez, ospitalean egon zelako. "Espetxera iristerako, preso politiko guztiak zain geneuzkan. Txikituta geunden, eta bi funtzionarioren artean atera gintuzten furgonetatik", azaldu du Salegik. Bi edo hiru egun osatzen igaro ostean ekin zioten planari ziegakide ziren Txema Salegik eta Mikel Matxineak.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide