Ate irekiak egingo dituzte etzi udaletxean

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 16a, 09:22

Udalak ate irekien jardunaldia antolatu du etzirako, hilak 18. 11:00etan hasiko da bisita, eta Juan Bautista Mendizabal turismo zinegotziak gidatuko du. Herritar orok parte hartu ahal izango du bisitan.

Azkoitiko herritarrek nahiz gainontzeko bisitariek Azkoitiko udaletxea bisitatzeko aukera izango dute etzi, hilak 18, 11:00etan hasita. Udalbatza aretoa, alkatetza eta udaleko bestelako sailen espazioak ikusteko aukera izango dute herritarrek bertan. Horrez gain, udal artxiboan gordetako 1324ko Azkoitiaren herri sorrerako hiri gutuna eta parrokiako lehen planoak ere ikusi ahal izango dira.

Juan Bautista Mendizabal turismo zinegotziak gidatuko du saioa, eta eraikinaren inguruko hainbat bitxikeria izango du hizpide hark. Mendizabalek, besteak beste, udaletxean lehen zeuden kartzelaren, kaperaren, zezendegiaren, alondegiaren eta korrejidorearen bizitokiaren historia azalduko du bisitan. Horrez gain, eraikinaren sorreraz ere hitz egingo dute bisitan. Izan ere, Jose Lizardi arkitektoak eraiki zuen udaletxea 1730ean, eta aurretik beste bi udaletxe izan ziren herrian, Plazaberrin, hain justu.

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide