Sua piztu da Azkaraten

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 14a, 20:07
Sugarrak indar handiz zabaldu dira. (Argazkia: Gipuzkoako Basozainak)

Suhiltzaileek Maxixatzeni jakinarazi diotenez, sugarrak Madariaga auzora ere iritsi dira.

Sutea piztu da 16:00ak inguruan Azkarateko pinudi batean. Azkarate mendatearen tunelaz bestalde piztu da sua, Elgoibar, Mendaro eta Azkoitia arteko Urnobitza auzoko Ekaitz mendian. Suhiltzaileek MAXIXATZENi adierazitakoaren arabera, 19:35 inguruan sugarrak Madariaga auzora ere iritsi dira. Larrialdi Zerbitzuak ere bertaratu dira Madariaga auzora. Sutearen zatirik handiena itzalduta eta kontrolpean dute. Gainera, suhiltzaile talde bat ingurua zaintzen ari da badaezpada.

16:30az geroztik sutea itzaltzeko lanetan dira Arrateko (Eibar) eta Urolako (Azpeitia) parkeetako suhiltzaileak Gipuzkoako Basozainen agindupean. Hego haizeak "bortitz" jotzen du, eta sua itzaltzeko lanak "zaildu" eta atzeratu egin ditu. Hasiera batean sutea txikia zela zirudien arren, indar handiz zabaldu da gero. Sutearen inguruan ez dago kaltetutako baserri edo etxebizitzarik.

 

Sutearen arratsaldeko irudia. (Argazkia: Gipuzkoako Basozainak)

Sugarrak indar handiz zabaldu dira. (Argazkia: Herri Babesa)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide