Death Cafeko kideak

"Oso garrantzitsua da heriotzaz lasaitasunez hitz egiteko aukera izatea"

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 17a, 15:00

Maider Lete eta Maider Etxeberria.

Maiatzetik egin dituzte Death Cafe saioak Azkoitian. Heriotzaren inguruan tertulia egiteko biltzen dira mahaiaren bueltan dozena bat lagun. Gizartean tabua den gaiaz lasai eta konfiantza giroan jarduteko aukera dute saioetan. Heriotzaren gaia landuta, bizitzari zentzu gehiagorekin heltzen zaiola diote Maider Etxeberriak (Azkoitia 1975) eta Maider Letek (Azkoitia, 1976).

Abenduak 16, astelehena. Arratsaldeko seiak. Mahaiaren gainean pastak eta bizkotxoa daude, edateko ura eta laranja zukua. Kaferik ez, baina Death Cafe saiorako hamar bat lagun elkartu dira Elkarguneko Altzibar gelan. Elkar agurtu dute, mahaiaren bueltan eseri eta hitz jario ederrean hasi dira. Tertuliarako bildu dira, heriotzaren inguruan hitz egiteko, hain zuzen. Bakoitzaren bizipenetatik abiatuta hitz egiten dute heriotzaren inguruan saioetan. Saio irekiak dira, baina konfidentzialtasuna eta errespetua dituzte oinarri.

Seigarren Death Cafe saioa dute abendukoa. Maider Etxeberriak eta Maider Letek antolatuta hasi ziren Death Cafe saioak egiten Azkoitian, maiatzean. "Orion,  Vivir un buen morir [Heriotza on bat bizi] formazio saioan egin genuen topo biok. Ikastaro hartan, Zarauzko Death Cafe saioetako kide bat ezagutu genuen. Orduan, bion artean hitz egin eta Azkoitian horrelako saio bat antolatzea pentsatu genuen", azaldu du Etxeberriak. Saioen bideratzaileak dira biak: "Bateren batek antolatu behar ditu saioak: ordua jarri, lekua hartu… Tertulietan, ordea, beste bi partaide gehiago gara. Hala ere, denok isilik geldituz gero, galderak egiten hasten gara solasaldia pizteko. Dena den, azken saioetan ez dugu galderarik egin beharrik izan".

Lanbidez psikologoa da Etxeberria, doluan espezializatutakoa. Letek, berriz, adinekoen egoitzan egiten du lan. Biek ala biek heriotza umetatik dute presente. "Heriotza inguratzen duen guztiaz txikitatik jakin-mina izan dut. ‘Zergatik gaude hemen? Nora joan behar dugu?’, gauza horiez galdetu izan diot neure buruari. Gaur egungo gizartean heriotzaz hitz egiteko tabua kendu eta horretaz ere hitz egin beharra dago. Heriotza bera bizitzaren beste parte bat da. Heriotzak apasionatu egiten nau, baina baita bizitzak ere", dio Etxeberriak.

"Bizitzen ikasteko" balio du heriotzaz hitz egiteak, Leteren arabera. "Heriotza ezkutatzen baduzu, beldur batzuk dituzu, eta heriotza iritsi arte ez duzu ezer egiten. Heriotzaz jarduteko lasaitasuna barneratuta daukazunean, beste balio bat ematen diozu bizitzari. Beti beldurrekin, kezkekin... bizi ez den jende asko dago. Denok hilko gara, iritsiko zaigu egun hori, baina bitarteko egunetan zer egin behar dugu?". Behin heriotzaz hitz egiten hasita, jendea katigatuta gelditzen dela dio Letek. "Heriotza inguratzen duen guzti hori aztertzen hasita, horretaz guztiaz hitz eginda, ikusita jendea nola dagoen, zer behar dauden… Hori guztia aztertu ondoren, atzerapausoa ematea oso zaila izaten da". Etxeberria ere bat dator: "Hiltzearen beldur handiena zein da? Nik argi daukat, aurretik ez bizitzea. Beldurra bizitzak ematen du, ez heriotzak".

Lasai, konfiantza giroan, ikuspegi eta esperientzia desberdinak elkarbanatuz jarduten dute tertulian  saioetan. "Gure bizipenez jarduten dugu, ditugun beldurrez. Saioetan inork ez du inor epaitzen, bakoitzak bere iritzia dauka eta bertan hitz egiten dena handik ez da ateratzen. "Oso garrantzitsua da lasaitasunez hitz egiteko aukera izatea", gaineratu du Letek.

Tertuliarako saioak dira, baina ez dira esperientzia pertsonaletan edota doluan laguntzeko; ez dira terapia saioak. Hala ere, norberaren bizipenak beste batzuenekin elkarbanatzea lagungarri izan daiteke. "Nahiz eta saio terapeutikoak ez izan, lagungarriak dira kasu askotan. Gizartean tabua den gaiaz lasai hitz egiteko aukera izateak berak asko laguntzen du", uste du Letek. "Hitz egiteko eta konpartitzeko desiatzen gaude. Gauza potenteak kontatzen dira, gainera. Jendea askatzen denean, benetan askatzen da, eta bene-benetako gauzak esaten ditu". Saio batean partaide batek urteetan inori kontatu gabeko bizipen bat elkarbanatu zuela gogoratu dute. "Denok barrez hasi ginen, barre egiteko kontu bat zelako; bera, ordea, ez zen ausartzen inori esatera. Azkenerako, kontatu zuen hura ere barrez hasi zen. Oso lasai gelditu zen".

Adinean aurrera egin ahala, heriotza natural hartzeko joera galdu egiten da, Etxeberriaren ustez. "Nire bi alaba txikiek beren erara hitz egiten dute heriotzaz, baita nirekin ere. Txikitatik hasten gara dolu txikiak egiten. Heldutzen joaten garen heinean, ordea, galdu egiten da heriotzaz aritzeko naturaltasuna. Death Caferekin hori berreskuratzen ari gara”.

Bizipenak elkarbanatuz

Zortzi-hamar lagun bildu izan dira orainarteko Death Cafe saioetan. 20 eta 60 urte arteko partaideak dira gehienak; pare bat kenduta, beste guztiak emakumeak dira. Hitz egitea libre da, ez da derrigorra. "Batzuek esan izan digute: 'Ni joango naiz saiora, baina ez dut hitz egingo'. Gero, etorri eta hitz egiten hasten direnean, ezin isildu". Giro ederra izaten dute. "Talde polita dugu. Askotan ez da jakiten tertulia nondik nora joango den ere. Heriotzaz jarduten dugu, baina barre pila bat egiten dugu", diote biek.

Death Cafe saioetan parte hartzen duten hiru herritar dira Iban Castro (Azkoitia, 1998), Elena Arrizabalaga (Azkoitia, 1998) eta Marian Mangas (Azkoitia, 1973). Gustura daude hirurak saioekin, "konfiantzan eta lasaitasunean" hizketan jarduteko aukera dutelako. Castro Erizaintza ikasten ari da, eta gertu sentitzen du heriotzaren gaia. "Asko interesatzen zait jakitea jendeak zer uste duen heriotzaz. Jendearen ikuspuntu desberdinak ezagutzea nire lanbiderako baliogarria izango dela uste dut. Batzuek oso onartuta daukaten gaia da, baina beste batzuentzat, katastrofea da".

Castrok aipatuta parte hartzen du Arrizabalagak saioetan. "Bion artean askotan hitz egiten dugu heriotzaz, zalantza eta gogoeta asko ibiltzen ditugu. Saio hauek egiten ari zirela komentatu zidan Ibanek, probatzera joan eta gustatu egin zitzaidan". "Gizarteko tabuak gainditzeko balio du tertulietan parte hartzeak, Arrizabalagaren arabera. "Heriotza gizartean gai tabua da, eta tabu horrek sortu dizkigu beldurrak. Beti uste dugu heriotzaz ditugun zalantzak eta beldurrak geuk bakarrik dauzkagula. Death Cafeetan ikuspegi desberdinak agertzen dira gaiaz, eta hainbat ideia argitzeko lagungarriak dira saioak. Bakoitzaren barne lanketarako aberatsa da besteen esperientzia entzutea".

Betidanik egin zaio "erakargarria" heriotzaren inguruko dena Mangasi. "Hala ere, beldurra eman izan didan gaia da. Death Cafek proposatzen duen gunea nire gogoa ase-tzeko toki aproposa iruditu zitzaidan, eta parte hartzen hasi nintzen. Heriotzari buruz lasai jardutea bizitza zentzu gehiagorekin bizitzeko eta disfrutatzeko baliagarria dela uste dut. Bizitzari berari zentzu gehiago ematen zaio".

Hiltzetik inor ez da libratuko, baina bitartean ondo bizi-tzeko ahalegina egin behar dela diote mahaiaren bueltan elkartutakoek. Death Cafe saioek horretarako balio dutelakoan daude; bizitzako egun eta une bakoitza zentzu gehiagorekin bizitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide