Indarrean da datozen lau urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 9a, 10:02

Azkoitian euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko zortzi puntuko aldea mantentzea eta ahal bada murriztea du helburu planak. Udalak aho batez onartu du.

Azkoitiko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) berria du indarrean urtea hastearekin batera. Herrian euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, datozen lau urteetan gauzatzeko hainbat ekintza zehaztu du planean erakundeak, eta hark adierazi duenez, aurrekoaren jarraipena izango da oraingo hau.

2020-2023ko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana osatzerako orduan, udalak Azkoitiko datu soziolinguistikoak izan ditu oinarri. "Aurrena, herriaren egoera ikusi dugu, eta horretarako, bi adierazle nagusi ditugu: bata, erabilerarena, eta bestea, ezagutzarena", adierazi du Jasone Bilbao udaleko Euskara teknikariak. Azkoitiko euskararen ezagutza maila jakiteko, hamar urtetik behin herritarrei galdeketa egiten die udalak, eta adierazle horren azkeneko datuak 2016koak dira; aldiz, euskararen erabileraren berri kale neurketei esker izaten du udalak, eta azkenekoz, 2018an egin zuten azterketa hori. Azkoitian, euskararen ezagutza mailaren –%76,9– eta erabileraren –%68,9 – arteko aldea zortzi puntukoa da, eta onartu berri duten planaren helburu nagusia da emaitza horri eustea, eta ahal den neurrian hobetzeko erronka ere jarri dute; hau da, ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea ahalik eta txikiena izan dadin lan egingo dute.

"Udalak lau urtetik behin egiten du kale neurketa, eta bide horretatik jakiten dugu euskararen arloan aurrera edo atzera egin al dugun. 2018an jakin genuen herrian ia zazpi puntu igo zela euskararen erabilera, eta beraz, ikusi dugu orain arte egin diren egitasmoek zein proiektuek beraien fruituak eman dituztela. Ongi funtzionatzen duten egitasmo horiek mantentzera eta optimizatzera joango gara oraingoan", esan du Bilbaok. Hori hala izanik, aurreko planaren ildo beretik joango da udala datozen lau urteetan, eta "hutsuneak" dauden hainbat arlotan ekintza berriak antolatzen saiatuko da, beti ere erakundeak dituen "baliabide ekonomikoak eta pertsonalak" kontuan hartuta. Besteak beste, irakaskuntzan, euskalduntze alfabetatzean, administrazioan, sozio-ekonomian, kulturgintzan, publizitatean, hedabideetan, teknologian edota sentsibilizazioan eragiteko, askotariko ekintzak zehaztu dituzte 2023ra arte gauzatzeko, eta aurreko planean egin gabe geratu ziren hainbat egitasmo txertatu dute oraingoan ere. Azkoitiko lexikoa jasotzea eta ezagutaraztea da horietako bat, eta udalak lehentasunen artean jarri du neurri hori. "Garbi ikusten da bertako hizkera bultzatu behar dugula agintaldi honetan". Bide horretan, hitanoaren erabilera bultzatzea jarri dute erdigunean: "Lexikoa lantzeari dagokionez, harremanetan gaude herritar batekin. Hark esperientzia du alor horretan, eta udalari egin zion hitanoa lantzeko proposamena. Udalak Euskara Mahaira gonbidatu du herritar hori, han denon artean erabaki dezagun proposamenak zer bide hartu", esan du Euskara teknikariak.

Aurrekoa, "eraginkorra"

Udalbatzak abenduaren 27an egin zuen udalbatzarrean onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana aho batez, eta urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egongo da indarrean. Aurrekoa 2015-2018 urte bitartekoa izan zen, eta beste urtebetez luzatu zuten gero, iazko udal hauteskundeen eraginez, gobernu berriak izan zezan plan berria zehazteko aukera. Amaitu den plana, berriz, eraginkortzat jo du udalak, 2014tik 2018ra artean ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea erdira murriztu zelako.

Aurrekoan ez bezala, udalak ez du parte hartze prozesurik egin proiektu berria osatzeko, "denbora kontuak" tarteko. Dena den, planaren zirriborroa Euskara Batzordean zein Euskara Mahaian aurkeztu zuen, hango ordezkariek beraien ekarpenak egiteko aukera izan zezaten. Jasone Bilbaok adierazi duenez, ez dute ekarpenik jaso, eta udalak bere horretan onartu du plana: "Horrek ez gaitu harritu, planean proposatzen ziren gauzek ondo funtzionatzen dutelako". Edonola ere, aurrerantzean ere herritarren ekarpenak entzuteko prest daudela azpimarratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide