'K-baret' kontzertu akustikoa eskainiko dute zapatuan, Elkargunean

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 3a, 09:00
Antzerki musikalean aritutako hainbat lagunek abestuko du kontzertuan. (Argazkia: Bigoterik Gabea)

'K-baret' antzerki musikalean parte hartu zuten hainbat lagunek eskainiko dute Elkargunean kontzertu akustikoa. 

Bihar, urtarrilak 4, K-baret zuzeneko kontzertu akustikoa eskainiko dute antzerki musikaleko partaide batzuk. Elkargunean izango da emanaldia, 18:00etatik aurrera. Maite Alberdi, Eneritz Aulestia, Jone Larrañaga, Aitor Leon, Andrea Pozo eta Nora Unanue abeslariek parte hartuko dute kontzertuan. Emanaldia ikusteko sarrera doakoa da. 

Hamaika abesti eskainiko dute kontzertuan, euren hitzetan "emanaldi goxoa, gertukoa eta berezia" egiteko. Bigoterik Gabea antzerki taldearen proiektua da K-baret. Taldeak hamar urte beteko ditu aurten, eta horren harira hainbat ekintza antolatzeko asmoa dutela azaldu dute.

"Antzerki taldeak sorreratik helburu izan du herritarren artean antzerkiarekiko eta kulturarekiko grina eta afizioa sustatzea; aurten ere horretan saiatuko gara", azaldu dute antzerki taldeko kideek. Egun hauetan, Gazte Asteari lotuta, antzerki eta dantza eskolak emango dituzte gaztetxoentzat, Elkargunean. Taldearen asmoa da gazteak "antzerki mundura gerturatzea" eta kultur sortzaile izateko "gaitasunak garatzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide