Astelehenean zabalduko dute parrokiako jaiotza

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 19a, 09:45

Parrokiako abesbatzak abestiak eskainiko ditu, eta Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) taldeko kideen eskertza ekitaldia egingo dituzte, besteak beste, parrokian.

Datorren astelehenean, abenduak 23, 19:00etan zabalduko dute Gabonetarako Azkoitiko parrokiak prestatu duen Jaiotza. Katekesiko haurrak eta familiak bertan izango dira, eta inaugurazio ekitaldian parrokiako abesbatzak hainbat abesti eskainiko du. 

Ondoren, Aita Mari erreskate itsasontziko partaidea izan den Iñigo Gutierrezek Azkoitiko herritarrek Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) taldearekin izan duten parte hartzea eskertuko du. Azkoitiarrek emandako ikurrin bat itzuliko du parrokian bertan egingo duten ekintza sinbolikoan. Parrokiako taldeak azaldu duenez, aurtengo Gabonetako postalak lotura izango du ekintza horrekin. 

Ordutegia

Jaiotza ikusgai izango da astelehenean 19:00etatik aurrera. Astean zehar 09:00etatik 12:30era eta 16:30etik 19:30etara zabalduko dute. Jai egun eta asteburuetan, berriz, 09:00etatik 12:30era egongo da irekita parrokia. Otsailaren lehen egunetara arte egongo da ikusgai Jaiotza, parrokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide