Goenatxo III.ak 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketan parte hartuko du

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 18a, 12:19
Jon Unanue 'Goenatxo III.a'. (Argazkia: Ibon Errazu)

Igandean, abenduak 22, 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatuko dute Asteasun (Gipuzkoa). Hamabi harri-jasotzailek parte hartuko dute txapelketan

Azkenekoz duela 30 urte jokatu zuten harri-jasotzaile txapelketa berreskuratuta, 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatuko dute igandean, abenduak 22, Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan. 12:00etan hasiko da lehia, eta guztira hamabi harri-jasotzailek parte hartuko dute. Horien artean izango da Jon Unanue Goenatxo III.a harri-jasotzaile azkoitiarra. Duela 30 urteko arau berekin jokatuko dute txapleketa: hiru minutuko bi txanda izango ditu harri-jasotzaile bakoitzak. Jasoaldi gehien lortzen dituena izango da txapelduna. Irabazlea erabakitzeko berdinketa hautsi beharra badago, hiru jasoaldi azkarren egiten duenak irabaziko du.

Goenatxo I.aren omenaldian aurrenekoz

Duela ia 30 urte Jesus Mari Unanue Goenatxo I.a harri-jasotzaile azkoitiarrari egindako omenaldian egin zuten lehen aldiz 200 Kiloko Harri Errektangularren Txapelketa. Ezaugarri horiekin jokatutako azken txapelketa izan zen Asteasun egindakoa. Orduan, Juan Jose Unanue Goenatxo II.ak irabazi zuen lehia. Saralegirekin batera 22 jasoaldi egin zituen harri-jasotzaile azkoitiarrak, baina txapela irabazi zuen Goenatxo II.ak. Azken txapelketa hartan 16 harri-jasotzailek parte hartu zuten. Aurten, berriz, hamabi kirolarik parte hartuko dute. Hona hemen zerrenda:

  • Joseba Ostolaza (lehen txapelketan parte hartu zuen)
  • Inaxio Perurena
  • Aimar Irigoien
  • Jon Unanue Goenatxo III.a
  • Jokin Eizmendi
  • Julen Diaz
  • Xabier Aranburu
  • Aimar Galarraga
  • Xabier Peñagarikano
  • Iñigo Eizagirre
  • Martin Mendizabal
  • Gorka Etxeberria

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide