Bi auto gidari zauritu dira Azkaraten izandako istripu batean

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 17a, 22:30

Bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin dute 20:30 aldean eta bi gidariak Donostia Ospitalera eraman dituzte. 22:15ak arte aritu dira bidelanetako eta larrialdi zerbitzuak errepidea garbitzen.

Bi auto gidarik min hartu dute gaur iluntzean Azkarateko mendatean, bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin ondoren. Ertzaintzak jakinarazi duenez, Azkoititik Azkarateko gailurrera doan mendate zatian gertatu da istripua. Ford Fiesta bat eta Mercedes Benz Citan furgoneta bat izan dira elkar jo dutenak. Lekukoen arabera, Azkaratetik behera Azkoitiko norabidean zihoan Ford Fiesta aurretik zuen ibilgailua aurreratzen hasi da, eta Elgoibarko noranzkoan maldan gora zihoan Mercedes furgonetarekin talka egin du.

Zaurien larritasunaren berri ez dute eman ertzainek, baina bi gidariak Donostia Ospitalera eraman dituztela jakinarazi dute. Trafikoan eragina izan du istripuak; 22:15ak arte aritu dira bidelanetako eta larrialdi zerbitzuak errepidea garbitzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide