Anaitasunako neskek irabazi eta mutilek berdindu egin dute asteburuan

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 10a, 16:05

Anaitasunaren mutilen lehen taldeak puntu bat batu zuen Oiartzungo Karla Lekuona zelaian. Euskal Liga mailako nesken taldeak, berriz hiru puntu batu zituen zapatuan, Txerloian, Lakua talde gasteiztarraren aurka. 

Anaitasunako mutilen lehen taldea bolada txarrean murgilduta da. Azken lau neurketetan bi puntu besterik ez ditu batu, eta ondorioz, sailkapeneko bigarren postura erori dira Xabier Artetxeren mutilak. Joan den ostiralean jokatu zuten Oiartzun taldearen aurka, eta bina berdindu zuten Karla Lekuona zelaian. Galtzen hasi zen Anaitasuna, baina Julen Aramendiren eta Asier Ugarteren golek irauli egin zuten markagailua. Etxekoek, ordea, penalti bidez berdindu zuten neurketa azken minutuetan. Sailkapeneko bigarren postuan daude Anaitasunako mutilak 26 punturekin, Eibar liderragatik hiru puntura eta Hernani hirugarren sailkatuagatik puntu batera. Asteburuan, Amaikak Bat Debako taldearen aurka jokatuko dute, Txerloian.

Euskal Ligako Anaitasunako emakumeen taldea Txerloira itzuli zen joan den zapatuan, eta bat eta huts irabazi zuen Gasteizko Lakua futbol taldearen aurka. Eneritz Jauregik 25. minutuan egindako gola nahikoa izan zen hiru puntuak batzeko. Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldeak urrundu egin ditu jaitsiera postuak denboraldiko seigarren garaipenarekin. Zazpigarren postuan dira neskak, 18 punturekin. Asteburuan Eibar bigarren sailkatuaren etxean jokatuko dute Anaitasunako neskek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide