Izibene Oñederra: "Kulturan bada muturreko gauzak ere egotea permititzen duen indar bat"

Durangoko 54. Azokan, Irudienean, beren lanak aurkeztu dituzte Izibene Oñederrak eta Aitor Arregik, eta azokan ibiltzeko tartea ere hartu dute. Bat datoz biak kultur arlo gehienetan eskaintza gero eta askotarikoagoa dela. Berriak biak batera elkarrizketatu ditu.

Durangoko Azokako Irudienean izan ziren atzo arratsean Izibene Oñederra (Azkoitia,1979) eta Aitor Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1977) zinemagileak; Lursaguak erakutsi zuen Oñederrak, eta Mateoren ama Arregik, Jose Mari Goenagarekin batera zuzendu duena. Azokako beste espazioetatik ibiltzeko tarterik ere topatu zuten. Berriak elkarrizketatu ditu.

Nola heldu zineten hona aurrenekoz?

IZIBENE OÑEDERRA: Ez daukat argi lehen aldia noiz izan zen, baina badakit umezaroan-eta gurasoekin etortzen ginela, ama izaten zela hona etortzeko piztailea, eta orain artisau azoka egiten den lekuan zela. Leku horren flashak baino ez ditut, baina gogoan dut urtero etortzen ginela, buelta bat eman, eta liburu artean ibiltzen ginela, disko artean bainoago.

AITOR ARREGI: Urteaz gogoratzen naiz. 1997an izan zen, unibertsitatean nengoela. Lagun batek animatuta etorri nintzen. Ordutik, urtero etorri naiz. Ni ere liburuen gunera mugitzen nintzen batez ere, eta parrandara ere bai garai batean. Oso plan estrainioa zen, liburuak eta parranda [barrez].

Zerrenda eginda zatozte, ala ikusi ahala aukeratzen duzue?

I.O.: Nik ez dut zerrendarik egiten. Aurreko asteetan bai egoten naizela... ez dakit adi den, baina, irratia pizten baduzu, bai, egoten da halako bonbardatze bat; bonbardatze positibo bat, plazera baita Ruper, Atxaga, Itxaro Borda eta halakoen elkarrizketak entzutea. Ideia bat egiten duzu zein izango den bere ekarpena. Gero hona etorri eta agian ez dakizu zein den izenburu zehatza edo argitaletxea, baina baduzu ideia bat. Gainera, uste dut ez zaidala gustatzen aurretik argi izatea; gero, bertan zaudela, inpultsiboagoa da.

A.A: Niri ere gustatzen zait aurreko egunetako zarata hori, plazer bat da radarrean hau edo bestea jartzen dizutenean. Eta azkenaldian bai etorri naiz zerrenda batekin buruan; urteren batean gertatu zait, halako bulkada kaotiko batean, gehiegi erostea, eta gero laurdena ere ez irakurtzea.

Zuek kulturgileak zarete. Zuen ingurukoak etortzen al dira Durangora?

I.O.: Nik beti bilatu izan dut konplizeren bat etortzeko. Ez dakit inguru zabalago bateko jendea etortzen den. Gero, ni ere ez naiz urtero etorri, baina igual-igual jarraitu dut kultura kontsumitzen. Badirudi orain ez baduzu erosten ez dituzula liburuak irakurtzen, eta hori ere ez da. Baina bai, konplizeekin etorri ohi naiz.

A.A.: Saiatzen zara konplizeak bilatzen, eta ez da esfortzu handia izaten, beti agertzen da baten bat. Baina ados nago Izibenerekin, ni ere urte osoan adi egoten naiz publikatzen denari, eta gustatzen zait orduan ere kontsumitzea.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide