Iraurgi Berritzenek XVII. Topaketak egingo ditu etzi

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 2a, 13:45
Iraurgi Berritzenek iaz Azpeitian egindako topaketetako irudi bat.

'Elkarrekin eskualdea eraldatzen' lelopean Iraurgi Berritzenek goiz osoko egitaraua antolatu du etzirako. 09:00etatik hasita, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira Elkargunean.

Urtero legez, Iraurgi Berritzen garapen agentziak askotariko eragileen arteko topaketak antolatu ditu. Aurten, topaketen XVII. edizioa izango da, eta hainbat eragilek parte hartuko du etzi, asteazkena, Elkargunean egingo dituzten hitzaldietan eta mahai-inguruetan. Iraurgi Berritzeneko kideen arabera, jardunaldi hauen helburua eskualdea eraldatzeko lankidetzan diharduten eragileen "urteko topagunea" izatea da, eta aurtengo edizioan helburu zehatzak jarri ditu agentziak: kontseilukideekin eragileek elkarlanean garatutako proiektuak partekatzea, genero ezberdintasunak garapen sozioekonomikoan dituen ondorioez hausnartzea eta 2020an Urola Erdiak dituen erronkak aztertu eta elkarlanean garatu beharreko lehentasunezko lan lerroak adostea.

09:00etan hasiko dira XVII. Topaketak, eta ongietorria egingo diete bisitariei Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak, Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak eta Azkoitiko alkateak, eta Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia diputatuak. Horren ostean, Iraurgi Berritzenen Sare Kontseiluko kideekin mahai-ingurua egingo dute orain arte garatutako proiektuen eta elkarlanaren inguruan. Mahai-ingurua amaitutakoan, berriz, atsedenaldia izango da, eta 10:25 inguruan izango da topaketetako bigarren jardunaldia; Pilar Kaltzadak kazetariak gidatuta eskualdeko garapenean genero berdintasunak duen eragina izango dute hizpide parte-hartzaileek. Azkenik, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak jardunaldien ondorioen inguruan hitz egingo dute.

Hona hemen Iraurgi Berritzenen XVII. Topaketen egitaraua:

09:00. Ongietorria Iraurgi Berritzenen XVII. Topaketetara.

  • Javier Zubizarreta, Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Azkoitiko alkatea.
  • Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia diputatua.
  • Begoña Beobide, Iraurgi Berritzeneko zuzendaria.

09:25. Iraurgi Berritzenen Sare Kontseilua: Enpresa, ikastetxe, udal eta enplegu guneko kideekin mahai-ingurua. Garatutako proiektuak eta elkarlana.

  • Cruz Alberdi (Sidenor): Enpresa gunea.
  • Jon Osinalde (Azkoitia BHI): Hezkuntza gunea.
  • Eduardo Sudupe (Izarraitz LH): Hezkuntza gunea.
  • Leire Goenaga (Azpeitiko Udala): Garapen gunea.
  • Maria Jesus Etxaniz (Lanbide): Enplegu gunea.
  • Itziar Abarisketa (Iraurgi Berritzen): Enpresa, Garapen eta Enplegu koordinatzailea.

10:05. Atsedenaldia.

10:25. Genero berdintasunaren eragina eskualdearen garapenean: eraldaketarako aukerak elkarlanean.

  • Pilar Kaltzada. (Linking Ideas. Estrategia eta Komunikazioa). Pilar Kaltzada kazetaria eta enpresa-aholkularia da esparru pribatu eta publikoan. Berdintasuna, aniztasuna eta gizarte-eraldaketa gaiak jorratzen ditu.
    • Hitzaldia: genero berdintasuna lortzeko urratsen inguruan gogoeta, desberdintasunaren kostuak (ekonomikoak, sozialak) eta erronkak landuz.
    • Elkarrekin gogoeta: nork bere esparruan garatu ditzakeen ekintzak aztertuko dira, metodologia parte-hartzailea erabiliz.

12.15. Ondorioak eta ekitaldiaren itxiera.

  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea.
  • Mikel Arregi, Zestoako alkatea.

12:30. Luntxa

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide