'Erbesteko elurra' nobela kaleratu du Felipe Juaristik

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 26a, 16:39

Aurkezpena Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editorea alboan zuela egin du gaur idazleak, eta hark adierazi duenez, sei bat urte eman ditu Erbesteko elurra idazten. Fikzioan oinarritutakoa da nobela, eta lanaren hari nagusia desagertuta dagoen Sebastian Saldiasen berri jakitera Madrilera bidaltzen duten Fermin Alberdi kazetaria da.

Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957) idazle azkoitiarrak Erbesteko elurra nobela aurkeztu du gaur, asteartea, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezpena Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editorea alboan zuela egin du idazleak, eta hark adierazi duenez, sei bat urte eman ditu Erbesteko elurra idazten.

Argitaratu berri duen Erbesteko elurra lanaren hari nagusia desagertuta dagoen Sebastian Saldiasen berri jakitera Madrilera bidaltzen duten Fermin Alberdi kazetaria da. Dena den, Juaristik azaldu duenez, pertsonaia asko bildu ditu liburuan, eta hark jakinarazi duenez, fikzioa da liburuaren muina.

Azken eleberria 2017an kaleratu zuen azkoitiarrak; Iraganik gabe izeneko lana ere Erein argitaletxearekin eman zuen argitara. Liburu ugari argitaratu ditu Juaristik gaurdaino, eta gainera, bestelako hainbat lan ere egina da, hala nola Pio Baroja. Den horretan ikusi dokumentala ondu zuen 2016an eta Piztutako etxea poesia liburua kaleratu zuen 2014an.

Hainbat sari jasotakoa ere bada Juaristi; besteak beste, 2015ean Espainiako Kritika Saria jaso zuen Piztutako etxea poesia liburua tarteko, eta Euskadi literatura saria 1998an, Galderen geografia poesia liburuari esker.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide