Indarkeria matxistaz sentsibilizatzeko materiala banatu dute Udal ordezkariek

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 23a, 12:21

Astelehena, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta, Azkoitiko Udalbatza osatzen duten alderdi guztietako ordezkari politikoek bat egin dute gaur, zapatua, eta indarkeria matxistaren inguruko kartelak eta eskuorriak herritarrei banatzen aritu dira Kontzejupean, haiek sentsibilizatzeko asmoz.

Azaroaren 25aren harira Udalak prestatu dituen ekintzetako bat izan da gaur egin dutena, baina ez da bakarra izango. Izan ere, astelehenean, 16:00etatik 19:00etara bitartean, grafiti tailerra egingo dute Kontzejupean, kale hezitzaileen eskutik. Artxamendi Topalekuan, berrz, aste osoan zehar egingo dituzte paparrerako txapak, astelehenean izan ezik -itxita egongo da egun horretan-. Abarketatxo Ludotekan, bestalde, dantza eginez igaroko dute astelehen arratsaldea.

Horrez gain, abenduaren 2an Emakunderen autobus ibiltaria jarriko dute parrokia aurrean, 16:00etatik 20:30era bitartean. Udalak adierazi duenez, lehen autobus ibiltaria eskoletako gaztetxoei zuzenduta egoten zen; orain, ordea, herritar guztiek izango dute ekintza horretaz gozatzeko aukera.

Udalak ez ezik, Sostenipe talde feministak ere antolatu ditu egitasmoak astelehenerako; batetik, Pamela Palencianoren No solo duelen los golpes monologoa proiektatuko dute Kultur Etxean 18:00etan; eta bestetik, kontzentrazioa egino dute plazan, 20:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide