Atera, atera, Mata Marketera

Gipuzkoako Hitza 2019ko aza. 22a, 13:28

Bihar, zapatua, Mata Market azoka egingo dute Matadeixen. Hona hemen Gipuzkoako Hitzak Mata Marketen inguruan argitaratutako erreportajea:

Aspaldian armairu zuloko iluna besterik ikusi ez duten arropei berriz distira egiteko aukera emango diete, bihar, Azkoitiko Matadeixen egingo duten II. Mata Market azokan. Helburua da inork erabiltzen ez dituen jantziak, oinetakoak eta osagarriak berrerabiliko dituen norbaiten eskuetara iristea. Horregatik, azokan bigarren eskuko arropek hartuko dute lekurik handiena. Baina egongo da bestelakorik erosteko aukerarik ere; hala nola, Aizterri dekorazio dendako etxerako osagarriak eta apaingarriak, Zintzilikargi sortzaile gazteek eskuz margotutako poltsak eta Enreda Makina biltzaile eta ekoizleek material berrerabiliekin egindako motxilak, poltsak, kapelak, lepokoak eta abar.

Martxoan egin zuten lehenengo Mata Market azoka, eta bigarrena izango da biharkoa. Julian Balenziagak (Azkoitia, 1987) azaldu du martxokoaren “harrera bikainak” bultzatu dituela bigarrena antolatzera. “Jendea galdezka ari zitzaigun berriz halakorik egiteko asmorik bagenuen, eta jendea gogotsu zegoela ikusteak berriz antolatzera animatu gaitu”.

Mata Marketen oinarriak, ordea, duela bizpahiru urte jarri zituzten Balenziagak berak eta haren bikotekide Txaro Alberdik (Azpeitia, 1988). Armairuan hautsa hartzen zeukaten arropari aterabidea emateko asmoz etxean azoka txiki bat antolatu zutenean hasi zen dena. Kuadrillakoak eta beste lagunen batzuk gonbidatu zituztela azaldu du azkoitiarrak. “Merienda baten bueltan, sobran geneukan arropa atera genuen, eta nahi zutena hartzeko esan genien”. Horren ostean, lagunak hasi zitzaizkien esaten eurek ere bazutela erabiltzen ez zuten arropa. Baina “zerbait handiagoa” antolatzeko, “leku egokiagoa” behar zutela adierazi du Alberdik, “etxean ezin delako egin horrelako azoka bat”. Matadeixe etorri zitzaien burura. Balenziagaren hitzetan, bigarren eskuko azoka bat egiteko “leku aproposa” da Matadeixe, “bere filosofiarekin guztiz bat datorrelako”. Asmoaren berri eman zieten Matadeixeko lagunei, eta proposamenak “sekulako onarpena” izan zuela kontatu du Balenziagak. “Ideia oso ona iruditu zitzaien eta eskura jarri ziguten dena”.

Taldean antolatu zuten lehen azoka, eta halaxe antolatu dute bigarrena ere. “Jende pila batek eman du arropa, eta horietako gehienak azokan izango dira, euren aletxoa jartzen”, azaldu du Alberdik. Balenziagak nabarmendu du azokan salduko duten arropa guztia “lagunek musu truk emandakoa” izango dela. Hain zuzen, horrek ahalbidetzen die “oso merke” saldu ahal izatea, “prezio sinbolikoetan”. Bigarren eskuko arropak gehienez hamar euroan salduko dituzte. “Lortzen dugun dirua azokaren antolakuntzak sortzen dituen gastuak ordaintzeko erabiliko dugu, eta kito”. Bide batez, eskerrak eman dizkiete lagunei zein Matadeixeko kideei.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide