‘Gu, banda’ liburuaren idazlea

Irene Elorza: "Herriaren historia ezagutzeko balio du bandarena jakiteak"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 20a, 09:26
Irene Elorza.

Azkoitiko Udal Musika Bandaren 150 urteko historia biltzen duen ‘Gu, banda’ liburua idatzi du Irene Elorzak (Azkoitia, 1972). Etzi, musikarien egunean, aurkeztuko dute lana, 19:30ean, udaletxean.

Zer jaso duzu Gu, banda liburuan? 

Azkoitiko Musika Bandaren 150 urte luzeko historia biltzen saiatu gara. Ni kazetaria naiz, ez naiz historialaria, eta ez naiz artxiboetara eta dokumentuetara mugatu, bandaren barruko istorioak jasotzen saiatu naiz, Angel Mari Arenasen laguntzarekin.

Noiz hasi zinen lanarekin, eta nola jaso zenuen Azkoitiko bandaren historia liburuan biltzeko proposamena? 

Iaz hasi nintzen lanean, eta urtebete inguru eman dut informazioa biltzen eta liburua osatzen. Arenasek berak proposatu zidan bandaren liburua idaztea, bandaren izenean, eta ardura handia sentitu nuen hasiera batean. Baina oso proiektu ederra iruditu zitzaidan, eta ezin nuen ezetzik esan.

Zer iturrietara jo duzu liburua osatzeko?

Lehenik eta behin, artxibora jo nuen. Imanol Eliasen liburua gida moduan hartu eta XIX. mendeko dokumentuen bila hasi nintzen. Gauza batek bestera eramaten zaitu, artxibo batek beste batera, liburu batean beste baten aipua agertzen da eta horrela joaten zara puzzlea osatzen. Bestalde, bandako kide izandako pertsonak elkarrizketatu ditut, zuzeneko lekukotzak jasotzeko eta anekdotak eta paper ofizialetan agertzen ez diren istorio txikiak biltzeko. Alderdi grafikoari dagokionez, Arenasek 3.000 argazki inguru bildu ditu handik eta hemendik; sekulako dokumentazio lana egin du hark. Jende askok lagundu digu liburua osatzen, eta oso eskertuta gaude.

Dokumentazio lan handia izan da, beraz. Zentzu horretan, zer izan da zailena?

Denboran zenbat eta atzerago egin, orduan eta zailagoa egin zait lana. XIX. mendeko dokumentuak ez dira oso ugariak, eta batzuk oso kontu zehatzen ingurukoak dira, gainera. Beraz, zeuk joan behar duzu hutsuneak betetzen, aurkitutako informazioari zentzua ematen saiatzen eta dagoenarekin aurrera egiten. XX. eta XXI. mendeetako informazioa eskuragarriago dago, jendearekin hitz egin dezakezu eta akta liburuak ere badaude; errazagoa suertatu zaigu hori.

Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketa. Jarraitu irakurtzen

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide