Munibe taldeak aurkitutako Kiputz leizeko hezurren erakusketa zabaldu dute San Telmo Museoan

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 18a, 10:48
Kiputz leizean aurkitutako bisonte hezurrak ikusteko aukera dago erakusketan. (Argazkia: gipuzkoa)

Munibe arkeologo talde azkoitiarrak 2004an aurkitu zuen Kiputz leizea, Mutrikun, eta leize horretan egindako indusketa lanetan azaldu ziren hezurrekin erakusketa zabaldu dute Donostiako San Telmo Museoan.

Kiputz leizea 2002an berreskuratu zuen Munibe arekologo talde azkoitiarrak. Bi urte beranduago, 2004an, jarri zen abian indusketa Pedro Castaños, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidearen eta Xabier Murelaga, EHUko Paleontologiako Departamentuko irakasle titualarraren gidaritzapean. Lau ekinaldi behar izan zituzten lanak burutzeko. Lan taldea Munibe Taldeko Miguel Sasieta, Juan Mari Arruabarrena, Javier Alberdi eta Jesus Larrañagak osatu zuten koba kokatua dagon lurretako jabe den Juan Mari Arrizabalagaren laguntzarekin.

Kiputz leizea tranpa naturala izan zen garai hartako espezientzat. "Koba ia bertikala zen eta animaliak bertan erortzen zirenean, ez zuten irteteko inolako aukerarik. Horrek, ekidin egin zuen gizakiaren edo bestelako animalien harremana", azaldu dute erakusketaren arduradunek. "Aberastasun aparta duen aztarnategia da, 2,5 metroko diametroa duen zulo zirkularra. Aurkitutako hezurren eta espezien %70 identifikatu ditugu", azaldu dute. Orain, aurkitutako bisonte, elur-orein eta hartz hezurdura erakusten duten erakusketa zabaldu dute Donostiako San Telmo Museoan. 'Kiputz. Amildegia historiaurrean' du izena erakusketak, eta 2020ko otsailaren 9ra arte egongo da zabalik.

Leizearen historia

Azken glaziazioan —duela 110.000-10-000 urte—, Kantauri itsasoko ertza estepa zen, gaur egun gure mendietan ikusten ez diren animalien bazkalekua: elur-oreinak, errinozero iletsuak, estepako bisonteak edo mamutak. Gizakiekin batera bizi izan baziren ere, klima epeldu ahala desagertu ziren animaliok. Denboran kontserbatu diren hezurrek euskal lurraldean bizi izan zirela argitu dute, tartean Kiputz leizean aurkitutakoek.

Duela 18.000-19.000 urte bizi izandako animaliak aurkitu zituzten Kiputze leizean, besteak beste, hamazortzi bisonte osorik. Hainbat kobetan marraztuta aurkitu diren bisonteen berdinak dira, estepako bisontea edo Bison priscus deritzana. Ia mila kilo inguru pisa zitzakeela kalkulatu dute arduradunek. Halaber, elur-oreinen eta hartzen aztarnak ere aurkitu zituzten.

San Telmo Museoan jarri duten erakusketan dagoen bisontearen hezurdura burezurraren erreprodukzio edo kopia batekin birmoldatu dute. Kopia hori bera erakusketako beira-arasa batean aurki daiteke. Asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara zabalduko dute erakusketa. Astearteetan sarrera doan izango da; bestela, sei euro balio du sarrerak. Gabonetan familia tailerrak egingo dituzte San Telmo Museoan, eta urtarrilaren 16an euskarazko bisita gidatu berezia egingo dute, Pedro Castaños eta Xabier Murelaga adituen eskutik. Erreserba eginez gero, bisitaldia doan izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide