Aurkeztu dute Azkoitiko XV. Herri Lasterketa

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 16a, 12:52
Eguerdian aurkeztu dute lasterketa, Milar Larramendi dendaren atarian.

Datorren zapatuan, azaroaren 23an, izango da Azkoitiko XV. Herri Lasterketa, Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton Kirol Elkarteak antolatuta. Parte hartzaileek hamar kilometro egin beharko dituzte, ohiko ibilbidean. Proba 16:30ean hasiko da, eta irteera eta helmuga herriko plazan izango dira.

Azaroaren 23an, XV. Herri Lasterketa egingo dute Azkoitian. 350 korrikalarik eman dezakete izena, eta izena emandakoen artean dira iazko bi irabazleak. Aurten ere helmugara iristen diren lehenengo hiru gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzte sariak; zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Halaber, parte hartzaileek herri lasterketako poltsa jasoko dute, eta antolatzaileen arabera "poltsa ona" izango da.

"Helburua ez da herri lasterketa haztea, baizik eta etortzen den jendea etxera gustura itzultzea; hurrengo urtean ere Azkoitiko Herri Lasterketara itzul daitezela nahi dugu", azaldu dute lasterketako antolatzaileek. Proban laguntzeko interesa duten boluntarioei dei egin diete 15:00-15:30ean plazara agertzeko. "Boluntariorik gabe lasterketarik ez da izango", azpimarratu dute.

Izen ematea

Probarako izen emate epea zabalik da, eta bi modutara egin daiteke: Zubiaurre Elkargunean edo herrikrosa.eus webgunean. Azaroaren 22ra arteko epea izango dute aurrez izena eman nahi duten korrikalariek, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute. Lasterketaren egunean bertan ere izango da inskribatzeko aukera, baina egun horretan, hamabost eurotan izango da izen ematea. Proba hasi baino ordu erdi lehenago itxiko dute horretarako epea, eta beraz, korrikalariek 14:30etik 16:00etara bitartean eman ahal izango dute izena azaroaren 23an. Proban  parte hartzeko 16 urte izan behar dira gutxienez, 2019ko azaroaren 24an baino lehen beteak.

Antolatzaileek eskatu dute aurrez izena emandakoek probaren bezperan parte-hartzaileen zerrendan beren izena jasota al dagoen ziurtatzeko. Ordainketa ere bezperan egin beharko du, eta zerrenda horretan ordain agiria ere badagoela baieztatu beharko du. Antolatzaileek adierazi dutenez, korrikalaria ordaindu gabe dagoela agertzen bada zerrendan, hark probaren egunean aurkeztu beharko du agiria; hala izan ezean, 15 euro ordaindu beharko du. Dortsalak jasotzeko, 14:30ean irekiko dute mahaia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide