Abenduaren 1ean izango da XXIV. San Andres txapelketa

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 14a, 19:16
Asier Plazaola eta Angel Martin XXIV. San Andres txapelketaren aurkezpenean.

Anaitasuna Kakute xake taldeak gaur, osteguna, aurkeztu du XXIV. San Andres txapelketa. Abenduaren 1ean, igandea, izango da txapelketa Elkargunean, 10:00etan hasita. Izen-ematea martxan da dagoeneko, eta azaroaren 28ra bitartean eman ahalko da izena lehiaketan.

Prestakuntza lanetan buru-belarri dabiltza Anaitasuna Kakute xake taldeako kideak, datorren hilaren batean izango baita XXIV. San Andres txapelketa, 10:00etan hasita. Gaur, osteguna, agerraldia egin dute xake taldeko kideek beren egoitzan, eta bertan izan dira Jose Luis Fernandez Anaitasuna Kakute taldeko presidentea eta Asier Plazaola presidenteordea nahiz Angel Martin Azkoitiko Udaleko kirol batzordeburua.

Fernandezen esanetan askotariko erakundeen "esfortzuari" eta "kolaborazioari" esker izan da posible urte hauetan guztietan lehiaketa antolatzea, eta azaldu du xakelari guztiek izango dutela lekua txapelketan: "Euskal Herrian ez dago halako beste xake lehiaketarik. San Andres xake txapelketan xakelaria bera da protagonista, izan profesionala, federatua nahiz afizionatua". Izan ere, San Andres txapelketan profesionalez gain, urtero hainbat mailatako xakelariek parte hartzen dute, hala nola jubenilek, infantilek nahiz beteranoek. Anaitasuna Kakuteko presidenteak nabarmendu duenez, sari nagusiez gain beste hainbat sari ere zozkatuko dute txapelketan parte hartzen duten xakelarien artean

Plazaolak lehiaketaren babesleak izan ditu hizpide, eta haien babesari esker "zailtasunak zailtasun" xakea "hazten" ari dela nabarmendu du. Elkarguneko kideei ere eskerrak eman dizkie xake taldeko presidenteordeak, besteak beste, haiek eskainitako instalazioengatik. Halaber, Plazaolak gogoan izan ditu lehiaketaren epaileak, bazkideak eta Azkoitiko Udaleko Kultura eta Kirol Departamentuko kideak.

Izen-ematea, martxan

Lehiaketaren antolatzaileek aditzera eman dutenez, oraingoz 40 pertsonak eman dute izena txapelketan, baina egunak pasa ahala partaide gehiago animatzea espero dute. Txapelketan parte hartzeko interesa dutenek inprimaki bat bete beharko dute Anaitasuna Kakute xake taldearen webgunean. Azaroaren 28an, osteguna, izango da txapelketan izena emateko azken eguna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide