Anjel Lertxundi: "Duela 50 urte baino gehiago kostatzen zait orain euskaraz idaztea"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 13a, 15:28
Anjel Lertxundi. (Argazkia: Zarauzko Hitza)

Anjel Lertxundik (Orio, 1948) 'Euskaraz idazten duen idazle baten bizipenak' hitzaldia emango du bihar, osteguna, Elkargunean. 18:30ean hasiko da Gazte Geroak antolatutako hitzaldi zikloaren bigarren saioa. Lertxundik Azkoitian eman zuen lehen hitzaldietako bat, eta hura gogoratuta hasi da biharkoa prestatzen. Hitzaldian azalduko duena aurreratu dio idazleak Maxixatzeni:

‘Euskaraz idazten duen idazle baten bizipenak’ hitzaldia eskainiko duzu. Zer azalduko duzu saioan?

Izenburuak berak dio. Literaturak nire bizitzan eta euskararen garapenean izan duen papera azaldu nahi dut, eta hori esperientzia pertsonaletik egingo dut. Euskararen munduan eta hizkuntzan literaturgilea eta idazlea izatea zer den azalduko dut, beti ere ikusi ditudan kontuetan oinarrituta. Laburbilduz, nire ibilbidearen errepasoa egingo dut literaturaren eta euskararen ikuspuntutik, ene ibilbidea ez baitago aparte literaturak eta euskarak azkeneko mende erdian egin duten bidetik.

Ibilbideari errepasoa egingo diozu. Bizipenen kontaketa nola egingo duzu?

Ez dakit zer nolako publikoa izango dudan aurrean, baina literaturak gaur egungo gizartean duen tokiaz hausnartu nahi dut. Euskararen ibilbidean literaturak duen rolaz ere arituko naiz. Ez da izango bizipen edo kontakizun hutsa; bizipenak hausnartzeko aitzakia izango dira, horiek ez baitute ezertarako balio testuinguruan jartzeko ez bada.

Idazle izanda ahozkoan ere ondo moldatu beharra dago?

Ez dauka zertan horrela izan. Badira hizketan baldarrak eta gero idazten oso onak direnak; adibidez, Koldo Mitxelena. Euskarak eman duen idazlerik bikainena da nire ustetan, ez erregistro literarioan, baizik eta pentsamenduaren erregistroan. Aparta zen izaeraz Mitxelena. Halere, trabatu egiten zen hizketan, azkarregi pentsatzen baitzuen. Hizketarako abiadura ezin izaten zuen mantendu; sekulako aldea zegoen bere hitz egiteko modutik idazteko modura. Idazleon artean sarri ez dago idaztearen eta ahozkoaren arteko batasunik.

Erraza al da gaur egun euskaraz idaztea?

Euskaraz idaztea zaila da. Duela 50 urte baino gehiago kostatzen zait orain euskaraz idaztea.

Zergatik diozu hori?

Duela 50 urte baino hobeto ezagutzen dut euskara, baina neure buruari jartzen diodan exigentzia ere handiagoa da. Lanaren garapenean arreta gehiago jartzen dut, eta askoz ere zorrotzagoa bihurtu naiz gure hizkuntzarekin. Arin idazten badakit. Zentzurik positiboenean esango dut, baina askotan idazleak ez du lortzen nahi duen hori idaztea. Hizkuntzak ematen dizkizun aukera guztiez baliatu nahi duzu, baina horrek eskatzen du erneago egotea eta lanaz gehiago hausnartzea. Hala ere, iristen gara erabiliko dugun euskara zer nolakoa izango den hausnartzera.

Idazle bezala, non aurkitu dituzu zailtasun handienak?

Ez dakit zailtasuna den hitz egokiena, baina Otto Pette liburuak eman dit lanik handiena. Orain dela ehunka urte gertatutako istorio bat kontatzeak zailtasun handiagoa du, erregistro bat asmatu behar duzulako. Liburu guztietan itun bat dago, niri sinesgarria egiten zaidalako eta irakurleari istorioa sinesgarria dela saldu behar diodalako. Historia kontatzen den denboran, ordea, irakurlearen eta idazlearen arteko ituna haratago doa, eta itun hori sinesgarritasuna da. Zuk sinetsi egin behar duzu, nik kontatzen dizudalako. Hasiera batean, arraroa egiten da hizkera hori, baina halako batean, hizkera horretan istorioak funtzionatu egiten du.

Erregistro bat hautatzekotan, zein sentitzen duzu zeure-zeurea?

Bada esamolde bat: zapata oinaren neurrikoa. Zu ez zara mendira zapatilekin joaten, eta etxean ez zara ibiltzen mendiko botekin. Erregistroak izan behar duen lotura berdina da kontatu nahi duzunarekin. Zalantzarik ez dago azkena argitaratu dudan saiakera literarioa tonu baldar edo trauskil batean ere idatz nezakeela, baina ez da normalena. Beste tonu batean idatzi dut noski, baina ez dut tonu akademiko batean ere egin, ez zaidalako interesatzen modu horretan idaztea. 

Biharkoa ez da Azkoitian emango duzun lehen hitzaldia.

Ez. Gainera, egun hauetan hitzaldia prestatzen ari nintzela gogoratu naiz nire bizitzan emandako lehen hitzaldietako bat Azkoitian izan zela. Duela 45 urte inguru eskaini nuen hitzaldi hura, Pio Barojari buruz. Eliza atzeko lokal batean izan zen, eta oraindik ere pixka bat gogoratzen naiz gela hartaz. Garai hartan, lan bat edo beste argitaratuta nuen Pio Barojari buruz, eta antza, norbaiti interesa piztu zion nik idatzitakoak. Halaxe joan nintzen Azkoitira hitzaldi hura eskaintzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide