Indarkeria matxistagatik Gizarte Zerbitzuetara jo dutenen kopurua %50 igo dela jakinarazi du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 13a, 13:02

2018an, Udaleko Gizarte Zerbitzuak sailak hamalau emakume eta hamahiru adin txiko artatu zituen, 2016an baino bederatzi pertsona gehiago. Datu "larri" horien aurrean, koalizioak premiazkotzat jo du sail horrek berdintasun teknikari eta aurrekontu propioa edukitzea.

Indarkeria matxista jasateagatik Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dutenen kopurua %50 igo da azken bi urteetan, Azkoitiko EH Bilduk jakinarazi duenez. Koalizioak emandako datuen arabera, indarkeria matxistak kolpatutako hamalau emakume eta hamahiru adin txikiko hartatu zituzten iaz Gizarte Zerbitzuetan. EH Bilduk irailean jakin zituen "datu larri horiek" Udalaren Gizarte Batzordean, eta ohartarazi du datu horietatik kanpo geratu direla Gizarte Zerbitzuetara joan ez diren pertsonen kasuak.

Azken urteetako datuak plazaratu ditu koalizioak: 2016an, hamar emakumek eta zortzi adin txikikok jo zuten Gizarte Zerbitzuetara, eta hurrengo urtean, hamahiru emakumek eta zazpi adin txikikok. Iaz, berriz, gora egin zuen Udalera joan zirenen artatze kopuruak; sail horrek hamalau emakumeri eta hamahiru adin txikikori eskaini zien zerbitzua 2018an.

Igoera horrek Gizarte Zerbitzuak sailari eragiten dion lan karga ere jaso dute osatu duten txostenean, eta koalizioak azpimarratu du han "argi eta gabi" ikusten dela "berdintasun teknikari eta aurrekontu propioak" behar dituela sailak. "Biktimen kopuruak gora egiten duen heinean, lan asistentziala ere hazi egiten da. Kasu askotan, urteetan luzatzen da lan asistentziala, eta Gizarte Zerbitzuek ez dute nahikoa baliabide horiei aurre egiteko". Horrez gain, Udalak berdintasun teknikaria edukitzeak emakumeei zein adin txikiekoei "arreta integralagoa" emango liokela azpimarratu dute, eta gaineratu dute erakundeak "aukera gehiago" izango lituzkela indarkeriaren oinarrietara jotzeko eta prebentzio lanetan sakontzeko. Bestalde, Azkoitiko EH Bilduk adierazi du herriko mugimendu feministaren "azken urteetako eskaria" ere badela Udalean berdintasun teknikari bat txertatzea. "Hori lortuz gero, mugimendu feministaren eta Udalaren artean zubiak eraikitzeko aukera berriak zabalduko lirateke. Horrek guztiak ahalbidetuko luke lehen ere martxan egon zen berdintasun mahaia berreskuratzea", gaineratu dute. Bestalde, "politika feministak" gauzatzeko aurrekontua zabaltzeak herriko LGTBI+ kolektiboaren beharrak "identifikatzeko eta asetzeko bidea hastea" ahalbidetuko lukeela adierazi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide