Herritar asko, San Martin ermitako kanpaiari tiraka

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 11a, 14:46

Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, kanpai hotsa portagonista izaten ari da beste urte batez San Martin egunean, Azkoitian. Usadio zaharrari jarraituz, ehunka herritar igo da San Martin auzoko ermitara, kanpaia jotzera.

Euriak ez ditu azkoitiarrak eta inguruko herrietako lagunak kikildu, eta urtero legez, San Martin auzoko ermitara igo dira kanpaia jotzera. Eguna argitu duenetik, San Martin ermitako kanpaiak atseden gutxi hartu du gaur.

Goizean goiz, herriko edozein bazterretatik entzun zitekeen kanpai hotsa. 11:00etan meza egin dute kaperan, eta ondoren hasi da jendearen joan-etorri handiena. Batzuk hamar aldiz egin diote tira kanpaia jotzeko sokari, besteek hamaika bider, eta beren adina beste jo duten kanpai jotzaileak ere izan dira San Martinen. Guztiek eutsi diote usadio zaharrari.

Kanpaia jotzearen ohiturak XVI. mendean du jatorria, 1555ean zehazki. Ekaitza sortu zen herrian, eta kalte handiak eragin zituen nola baserrietan hala horien uztan. Urrisarri, Egizabal, Madalzaeta, Zelaeder, Goenaga eta beste hainbat etxe suntsitu zituen ekaitzak. Juan Saiz de Aranburu orduko alkateak hainbat neurri hartu zituen horregatik. Erlijioak ere bazuen eragina gizartean, eta uste izan zen pekatuengatik jainkoak ezarritako zigorra zela. Horregatik, zeru iluna ikusitakoan, kanpaiak jotzen zituzten.

Joan den zapatuan hasi zituzten sanmartin jaiak auzoan. Mendi lasterketa eta hamaiketakoa egin zituzten auzoan, eta gaur, azaroak 11, kanpai hotsen artean amaituko dituzte festak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide