'Ni Singular Naiz' kanpaina jarri dute martxan

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 31a, 10:16

Tokiko merkataritza sustatzeko, Ni Singular Naiz kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Merkataritza Federazioak, eta Azpeitiko sei saltokik parte hartuko dute egitasmoan. Gaur, osteguna, jarriko dute martxan kanpaina, eta saltoki horiek guztiek produktu edo zerbitzu bana nabarmenduko dute, gero herritarren artean zozkatzeko. Zozketetan parte hartzeko Onda Vasca irratiko Gipuzkoako Kale Nagusia irratsaioan parte hartu beharko dute herritarrek. Tokiko saltokien balio erantsia plazaratu nahi dute kanpainarekin.

Tokiko merkataritza sustatzeko, Ni Singular Naiz kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Merkataritza Federazioak, eta atzo aurkeztu zuten egitasmoa Basazabal jauregian. Azpeitiko eta Getariako zortzi Singular Dendak parte hartuko dute egitasmoan: Azpeitiko Egaña gozotegiak, Farmazabal parafarmaziak, Angel argazki dendak, Kiribil ekodendak, Koket arropa dendak eta Luis Beltza arropa dendak nahiz Getariako Glu glu bitxitegiak eta Salanort kontserba dendak. Gaur, osteguna, jarriko dute martxan kanpaina, eta saltoki horiek guztiek produktu edo zerbitzu bana nabarmenduko dute, gero herritarren artean zozkatzeko.

Saltoki bakoitzaren balioak transmititzen dituzten produktuak izango dira denda bakoitzak nabarmenduko dituenak, eta saltokian modu nabarmenean jarriko dituzte horiek ikusgai, kanpainarako prestatu dituzten beste elementu batzuekin batera, hala nola argi-kutxa batekin eta Ni Singular Naiz lelodun poltsarekin batera. Saltokietako produktu horiek zozkatu egingo dituzte, baina zozketan parte hartzeko irratsaio batean parte hartu beharko dute herritarrek. Hain zuzen ere, Onda Vasca irratiko Gipuzkoako Kale Nagusia saioan. Itziar Alduntzin kazetariak gidatzen du saioa, eta bihar hasi eta astebetez Urola bailarako Singular denden inguruko galderak egingo ditu hark uhinetan. Herritarrek galdera horien erantzuna asmatu beharko dute, eta galdera ondo erantzuten duten lagunen artean zozkatuko dituzte produktuak. Horrez gain, sare sozialetan ere egingo dituzte kaleratu berri dituzten Ni Singular Naiz lelodun poltsen zozketak. Gipuzkoako Merkataritza Federazioa jarriko da irabazleekin harremanetan, zozketak egin eta gero.

Lehiaketa bat da, beraz, prestatu duten kanpainaren oinarria, eta horrekin bezeroen leialtasuna saritu nahi dutela azaldu du Ana Aranberri Gipuzkoako Merkatarien Federazioak Eibarren duen bulegoko zuzendariak. Hark azaldu duenez, arlo sozialean oinarri dituzten balioetan posizionatu nahi dituzte Singular dendak; izan ere, tokiko merkataritzak eskaintzen duen balio erantsia baloratzen duten herritarren artean konplizitatea sortzea da marka horren helburua. "Azken finean, bezeroa berezi sentitzen da gauzak egiteko, bizitzeko eta pentsatzeko duen moduarekin bat datorren moduan erosita, eta saltokiak berezi egiten dituzten produktuak ezagutaraztea da kanpainaren xedea".

Aranberrik adierazi duenez, globalizazioaren aurrean "oso garrantzitsua" da tokiko merkatariek benetakotasuna izatea, eta hark herrietako merkataritzaren garrantziaz ohartarazi du. "Bereizgarriak, xehetasunetan oinarritutako kultura, benekotasuna, konfiantza, zintzotasuna, ondo egitea dira tokiko merkataritzaren ezaugarriak, eta balioa eman behar zaio saltoki horiek ekonomia eragile eta eragile sozial gisa gure lurraldeari egiten dioten ekarpenari". Merkataritza federazioko lehendakariak aurrez aurre jarri ditu saltoki handiak eta "joera orokor" diren saltoki handiak: "Aurrez aurre daude gure saltoki txiki eta jasangarriak zein makroproiektuak, hala nola merkatalguneak, makrodendak, makro-outletak".

Kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Suspenerako, Turismoko eta Landa Inguruneko sailak babestu du, baita Azpeitiko Udalak ere, eta Agustin Lizarralde zinegotziak azaldu duenez, udalak herriko merkataritza sustatzen segituko du aurrerantzean ere. Lizarraldek herriko merkatariek eskaintzen dituzten "abantailak" izan ditu hizpide: "Gertutasuna, harreman zuzena eta pertsonala eskaintzen dizkigute, eta hori baloratzen dugu". Hark esan duenez, gainera, merkaritza sustatzeko "ausartak" izan behar dute: "Saltokien eta herritarren beharretara egokitu behar ditugu egiten diren sustapen planak. Tokiko merkataritza elkartea ere badugu, Bertan, eta ahalegina egingo dugu tokiko saltokiak kalitatean, formakuntzan, egokitzean nahiz teknologian aurrera egin dezaten; bidelagun izango gaituzte".

Singula Dendak programaren barruan martxan jarri duten lehen kanpaina da abian jarri dutena, baina Aranberrik adierazi duenez, ez da azkena izango. "Kanpainak lantzen jarraituko dugu, tokian tokiko herrietako berezitasunak nabarmenduko dituztenak". Kanpaina horiek saltoki horien ezaugarriei nahiz horietako kideei balioa emanez eta haien egiteko moduari, konpromisoari nahiz lurraldearekiko inplikazioari indarra emanez egingo dituztela ere esan du. Ekitaldiaren bukaeran, tokiko merkataritzaren aldeko mezuekin osatutako bertso bana abestu zuten Sebastian Lizaso eta Xabier Euzkitze bertsolariek, haiek baitira Singular Denden Urola Kostako enbaxadoreak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide