Maite Uria: "Ederra da besteei lurralde magiko hau erakustea; benetan polita da Tanzania"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 28a, 10:45

Maite Uria, Tanzanian bizi den azkoitiarra.

Tanzanian bizi da Maite Uria (Azkoitia, 1993). 2017an izan zuen hara bidaiatzeko aukera, eta hara berriz itzultzeko erabakia hartuta bueltatu zen etxera. Harrezkero, han bizi da. Hotel bat ireki zuen lehendabizi, eta orain lurraldea gehiago ezagutzeko aukera ematen duen 'Vamos!' bidaia proiektua sortu du. Tanzaniara nola egokitu den eta sortu berri duen proiektuari buruz galdetu zion Maxixatzenek azaroko aldizkarirako Uriari.

Tanzanian bizi zara. Nola hartu zenuen lur bertan?

Betidanik izan dut Afrika bisitatzeko ametsa, eta 2017an Tanzaniara bidaiatzeko aukera izan nuen espainiar batzuekin batera; urte hartako abuztuan joan nintzen boluntario, hamabost egun pasatzera. Handik bueltatu nintzenean, erabakia hartuta nuen. Duela bi urte berriro itzuli nintzen Tanzaniara, bakar-bakarrik.

Zein izan zen hara joateko arrazoia?

Beti izan dut Afrikara bidaiatzeko gogoa eta hamabost eguneko esperientziarekin, garbi ikusi nuen itzuli egin behar nuela. Tanzaniak txundituta utzi ninduen; paisaiak, jendea, bizipoza...

Zein herritan bizi zara, eta nolakoa da eguneroko bizitza han?

Zanzibarreko Nungwi herri turistikoan bizi naiz. Bertakoa banintz bezala bizi naiz, eta beraiek ere horrela hartzen naute. Oso bizitza lasaia da. Bi bizimodu desberdin daude: bata, turistentzat prestatutakoa, eta bestea, bertakoen-tzat. Ni gusturago sentitzen naiz bertako jendearekin.

Erraz egokitu zinen bertako bizitzara? Gastronomia, hizkuntza, ohiturak... ez al ziren arazo izan?

Nahikoa erraz egokitu nintzen, nahiz eta gauza batzuk oraindik arraro ikusten ditudan. Zanzibar irlan, musulmanak dira gehienak, eta ohitura desberdinak dituzte. Batzuetan oztopo da, baina ederra da kultura zeharo desberdin baten bizitzea; beti ikasten duzu zerbait. Bertako jatekoa oso goxoa da, eta gainera, irla turistikoa izanik, edozer aurkitu dezakezu bertakoaz gain. Hizkuntza ere sekula ez da izan arazo, ingelesez askok baitakite. Bertako hizkuntza swahilia da; hitz egiten dut, eta asko gustatzen zait.

Nolako lekua da? Zer da egunero ikusten duzuna?

Nungwi paradisua da. Bi mundu daude: turistikoan, hondartza izugarri politak, dendak, hotel ugari, jatetxeak, diskotekak eta abar; herrian, berriz, pobrezia nabari da. Elkar asko laguntzen dute eta ez da jatekorik falta. Etxe askok ez dute urik eta elektrizitaterik, haur asko ez da joaten eskolara eta soldatak baxuak dira. Gutxirekin bizitzera ohituta daude, ez dute asko behar pozik bizitzeko. Ni bertako bat banintz bezala bizi naiz, eta konturatu naiz gutxiagorekin hobeto bizi zaitezkeela.

Bi urte daramatzazu bertan. Zer moduz doakizu?

Azkar pasa dira bi urte, eta espero dut beste hainbat hemen pasatzea. Maite dut Tanzania! Hasieran hotel txiki bat ireki nuen, baina gauzak ez zitzaizkidan irten nik uste bezala. Orain, safariak antolatzen ditut.

 

"Ez dakit zer egingo dudan etorkizunean, baina luzerako gelditu nahi dut hemen"

 

Erronkak maite dituzula esana duzu. Orain, safari batean diharduzu. Noiz hasi zenuen bigarren proiektu hori? Nolatan sortu zitzaizun ideia?

Askok galdetzen zidaten safariei buruz, eta uztailean animatu egin nintzen. Vamos! proiektua sortu nuen eta askotariko jarduerak eskaintzen ditut: safariak, boluntariotza, tribuetara bisitak, Kilimanjarora igoera, Zanzibar bisita-tzea… Ederra da besteei lurralde magiko hau erakustea; benetan polita da Tanzania.

Nolako bidaiak egiten dituzue, eta zein eremutan?

Tanzanian eta Zanzibarko uhartedian zehar egiten ditugu bidaiak. Luxuzkoak, ekonomikoak edota solidarioak aukera daitezke; aukera zabala eskaintzen dugu.

Zein dira turisten eremu gustukoenak?

Safarietan eremuak gustuen arabera dira, baina Serengetiko parke nazionala da gehien eskatzen didatena. Parke berezia da, animaliaz betetako paisaia da.

Nola bidaiatzen duzue?

Safariak jeep-ean egiten ditugu, parkeetako bideak asfaltatu gabe daudelako. Erosoagoa da. Parke naturalak dira eta natura errespetatzen dugu. Zanzibarren ere azkarragoa da autoz mugitzea, baina aukera dago motoa aloka-tzeko edota dala dala izeneko garraio publikoa erabiltzeko. Herri batzuk, ordea, ez daude elkar komunikatuta.

Zein da zure egitekoa safari enpresa horretan?

Turisten ametsetako safaria antolatzeko, neu jartzen naiz bezeroekin harremanetan, eta lagun batekin planifika-tzen ditut bidaiak. Jendea oso gustura geratzen da.

Egiten duzun lanak balio al du ikasteko?

Etxeko goxotasunetik irtenez gero, beti ikasten da; uneoro ari naiz ikasten. Bakarrik etorri nintzen eta horrek behar-tzen zaitu pertsona irekiagoa izatera eta arazoak zeure kasa konpontzera. Momentu txarrak ere asko pasa ditut, baina oso-oso aberasgarria da bizitzen ari naizen esperientzia.

Zure lana egiteko, animaliak gustuko izan behar, ezta?

Ez naiz oso animalia zalea, baina safaria zerbait desberdina da. Azalezina da marrazkietan eta telebistan ikusten ditugun animaliak bertatik bertara ikustea. Safarian ez dira animaliak bakarrik ikusten; hango giroa, paisaiak, kultura, soinuak, dantzak, bideko herrixkak eta jendea. Bizitzan behin egin beharrekoa da.

Zer ikusten dute zure safaria egiten duten bisitariek?

Tanzanian hainbat parke nazional ditugu. Horietako ba-tzuk dira Ngorongoro krater ikusgarria, Serengeti parkea, Tarangire… Horiek dira gehien bisitatzen direnak. Ahalik eta animalia gehien ikusten saiatzen gara beti, baina horiek bere habitatean bizi dira eta zortearen arabera izaten da. Animaliak eta ingurua asko errespetatzen dira. Debekatuta dago animaliei enbarazu egitea, ezin da baimenik gabe jeepetik jaitsi, eta isiltasuna gorde behar da animaliak oso gertu daudenean… Zaila da hitzekin azaltzea safari batean bizitzen dena.

Zein dira turistek gustukoen dituzten animaliak?

Zalantzarik gabe, lehoia dute gustukoen. Harrigarria da gertutik ikusten duzunean.

Zuretzat, zein animalia da ikusgarriena?

Elefantea. Sekulako animalia da, indartsua, ederra, eta gertutik ikustea ikusgarria da. Zirraragarriak dira jeep-aren albotik taldean pasatzen direnean.

 

"Etxeko goxotasunetik irtenez gero, beti ikasten da; uneoro ari naiz ikasten"

 

Animalia basatiak izaten dituzue inguruan. Izan duzue sekula arazorik edota ikusi duzue animalien arteko liskarrik?

Beti joaten gara esperientziaz betetako gidari eta bide-erakusle batekin, eta horien arauak errespetatuz gero, ez da izaten inongo arazorik. Animalien liskarrak, berriz, ikusi izan ditugu ibilgailutik.

Urte askoan ikusten al zara lanean safarian, edo gauza gehiago probatzeko gogoa duzu?

Auskalo! Gustura antolatzen ditut safariak, baina probatuko nuke beste zerbait; zerbait solidarioa, herriari laguntzea, eskoletan. Baina hemen ere dirua behar da bizitzeko, eta lana egin behar dut. Askotan, gogorra egiten zait hemengo haurren egoera ikustea; hezkuntza ona falta zaie. Eskolara joaten direnek, berriz, azkar amaitzen dituzte ikasketak, gurasoei laguntzeko lanean has daitezen.

Ehizaldiak ohikoak al dira lan egiten duzun eremuan?

Parkeen barruan ezin da ehizatu, guztiz debekatuta dago.

Afrika lurralde txiroa denaren ideia du askok buruan. Non du aberastasuna Afrikak?

Afrika oso aberatsa da. Tamalez, 'esklabo' da oraindik eta horregatik pobrezia nagusi da. Asko du eskaintzeko Afrikak, baina herriak hezkuntza ona behar du. Betidanik egon da zapalduta kontinente hau.

Askoren opor lekua da Afrika. Turismoa hazten ari al da?

Bai. Turista asko ikusten da, eta hona etortzeko joera areagotu egingo da. Nik guztiei esaten diet bizitzan behin Afrika bisitatzeko, baina ez bakarrik hotel ederrak eta hondartza ikusgarriak; egun batzuk har ditzatela benetako Afrika ezagutzeko. Jendearen bizipozak asko esan nahi du. Ni, behintzat, bete egiten nau.

Zergatik gomendatuko zenuke safaria?

Tanzania gomendatuko nuke oporretarako eta safarirako. Lurraldea ezagutu ondoren argi dut ikaragarri polita dela. Paisaiak, kultura, jendea, animaliak… guztia ikusteko aukera dago. Behin etortzen denak beti esaten du berriro itzuliko dela. Bizitzan behin bizi beharreko esperientzia da.

Bi urte daramatzazu Tanzanian. Zer botatzen duzu faltan Azkoititik?

Familia eta lagunak, gehienbat. Eta nola ez, amaren jatekoa.

Anekdota berezi edo bitxirik izan al duzu han?

Maiatzean, esaterako, nire lagun masaiek ezkontza tradizional batera gonbidatu ninduten. Sekula ahaztuko ez dudan esperientzia izan zen.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua? Herrira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Etorkizunean ez dakit zer egingo dudan, baina luzerako gelditu nahi dut hemen. Asko dut bizitzeko oraindik; pozik bizi naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide