Ixaka Oñederra eta Imanol Aleson: "Mendi lasterketetan, ez dago mugarik"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 30a, 08:55
Ixaka Oñederra, ezkerrean; Imanol Aleson, eskuinean.

Apenas egongo da egunik Imanol Alesonek (Azkoitia, 1972) eta Ixaka Oñederrak (Azkoitia, 1984) mendia zapaltzen ez dutenik; mendi korrikalari nekaezinak dira biak ala biak. Beteranoak aspaldi galdu zuen lehiatu dituen proba kopuruaren kontua, eta oraindik ez du geratzeko asmorik; Oñederrak, berriz, bizi-bizirik du gaztetasunaren txispa. Esperientzia eta azkartasuna uztartuta, bikote aparta egiten dute mendiko distantzia luzeko probetan.

Biek ala biek aspaldi hasi zenuten mendi lasterketen ibilbidea. Gogoratzen al zarete noiz parte hartu zenuten lehenengo aldiz?

Imanol Aleson: 1999an egin nituen aurreneko mendi lasterketak. Artean, ez zegoen Internetik, eta garai hartan mendian espezializatutako aldizkari batzuk irakurtzen nituen. Triatloian ibiltzen nintzen orduan, eta aldizkarietako batean irakurri nuen Madrilen mendi lasterketa bat egitekoak zirela. Mendi lasterketak jokatzen hasi nintzenean, lehenengo hilabetean hiru maratoi egin nituen. Ordutik, amaigabea izan da ibilbidea.
Ixaka Oñederra: 20 bat urterekin-edo hasiko nintzen mendi lasterketetan. Gogoan dut lehenengoa Oñatin (Gipuzkoa) egin nuela. Beran (Nafarroa) lagun batzuen omenez antolatu zuten mendi lasterketa baterako hasi nintzen entrenatzen.

Nola gogoratzen duzue jokatu zenuten aurreneko ultra trail hura?

I.A.: Nire lehenengo lasterketan, Benasquetik Anetora igo eta jaitsi egin behar nuen. Ondo gogoan dut orduko hura; sekula mendi lasterketarik egin gabe, izugarrizkoa iruditu zitzaidan, oso polita. Hiru mila metro baino gehiago dituen mendira igo, han glaziarrak zeharkatu… Oso desberdina zen aurretik egina nuenarekiko. Esperientzia horrek katigatu egin ninduen.

I.O.: Gogoratzen naiz Oñatiko Aloña auzoko gurutzera iristean, ez nuela antzematen aurreko korrikalariak hanketako ileak depilatuta zituen ala ez. Izugarrizko zorabioarekin iritsi nintzen. Ez naiz sekula ahaztuko horretaz. Ez nuen gaizki pasatu, baina hustuta iritsi nintzen helmugara.

Zuri ere lehenengoan gustatu al zitzaizun?

I.O.: Bai. Halako probek aukera ematen dute hiru mila metroko mendi bat zortzi orduan egin beharrean, denbora laburragoan egiteko, eta gainera, berdin-berdin gozatzen duzu. Etxean zaudenean ere, 04:00etan joaten zara mendira, han zaudela eguzkia irteten ikusi duzu, eta goizean berriz etxean zaude, familiarekin gosaltzeko prest. Hori izugarria da; askotan kalkulatzen dut eguzkiak noiz irtengo duen, eta horren arabera etxetik irteten dut menditik egunsentia ikus dezadan. Etxera itzuli, etxekoekin gosaldu, eta oraindik egun osoa duzu aurretik eta, gainera, entrenatuta zaude. Mendi buelta horiek inork ez dizkizu kentzen.

I.A.: Horrela esanda, ederra dirudi, baina beste batzuek esaten dute: "Zuek burutik jota zaudete".

I.O.: Frontala jarri eta han ibiltzen zara mendian gauez. Badakizu beste lau bat ordutan inor ez dela handik igaroko. Batzuek sentitzen dute halako beldur bat, baina benetan ederra da. Badu xarma berezi bat.

Probetan ere orduak eta egunak eramaten dituzue mendian, bakarrik. Bidean, zertan pentsatzen duzue?

I.O.: Abestiekin. Kanturen bat buruan sartzen zaizu, eta hari jira eta bueltaka aritzen zara. Ehun aldiz abestu dezakezu abesti bera.

I.A.: Lasterketaz beraz ere asko hitz egiten dugu bidean zehar goazela. Izan ere, proban kontzentratuta joan behar duzu, eta zatika antolatzen dugu lasterketa. Esaterako, 200 kilometroko lasterketa batean, hamar-hogei kilometroro anoa guneak egon ohi dira, eta beraz, lasterketa osoa zati horietan banatzen dugu. "Hurrengorako lau tontor geratzen dira", pentsatzen dugu, eta hala antolatzen dugu lasterketa. Horren arabera, kalkulatzen dugu hurrengo gunera iristeko zenbat denbora behar izango dugun. Luzera begira pentsatzen hasten bazara, jai duzu. Jan eta edan ere egin behar izaten dugu, eta gutxi gorabehera, orduro geratzen gara horretarako.

Jan eta deskantsatu behar adina egiten al duzue?

I.O.: Dezente jaten dugu, baina deskantsatu, askorik ez. Egin dudan probarik luzeena Ehunmiliak izan da –168 km–, eta halakoetan, anoa guneetara iristen zarenean hartzen duzu atseden apur bat. Argi izan behar duzu gune bakoitzean zer jan behar duzun. Izan ere, hurrengo anoa gunera iristeko tarte jakin bat daukazu, eta pixka bat despistatzen bazara eta ondo kalkulatzen ez baduzu, gauzak okertzen has daitezke.

I.A.: 200 kilometrotik gorako lasterketetan, estrategia gehiago landu behar izaten dugu. Distantzia horretako probetan, badakigu bi gau igaroko ditugula, eta 300 kilometrokoetan, hiru gau. Ordea, ezin egon gaitezke hiru gau lorik egin gabe, beraz, erabakitzen dugu noiz egingo dugun lo; lehenengoan, bigarrengoan, tartekatuta… Gainera, leku jakin batzuetan egin behar izaten dugu lo, eta komeni da leku horietara gauez iristea, egun argiz ezinezkoa delako loak hartzea.

Halako lasterketetan, buruak ala gorputzak, zerk baldintzatzen du gehiago?

I.O.: Buruak. Motibazioa edukitzea ezinbestekoa da. Gainera, falta diren kilometroetan baino, geratzen den denboran pentsatzen dut. Halakoetan, buruak hobeto errenditzen du falta diren orduak pentsatuta.

I.A.: Noski, gorputzak lagundu egin behar dizu, baina buruak ezetz esaten badizu, zaila da aurrera egitea, gero eta ahulagoa joango baizara. Proba hasterako, ziur egon behar duzu zure buruarekin; halako distantzia bateko probarako konbentzituta ez bazaude edo buruan arazoak badabilzkizu, ez zaitez irten. Ahalik eta positiboen pentsatu behar duzu beti.

Osasungarria al da gorputza halako muturreko egoeretara eramatea?

I.A.: Distantzia luzeetan, gorputza inoiz ez da bere mugara iristen; aldiz, igoera bertikaletan, bai. Kasu horietan, gorputzaren muga gainditu egiten da. Esaterako, distantzia luzeko mendi lasterketetan, bihotza, bataz-beste, %50ean joaten da. Xoxotera antxintxika irteten baduzu, ordea, bihotza %150ean baino gehiagoan joango zaizu.

I.A.: Ehunmiliak amaitzean, bihotzak egin dituen taupaden erregistroan ageri da minutuko 160 taupada eman dituela bihotzak gehienez. Bataz bestekoa 140 taupadetakoa izaten da halako probetan. Xoxotera korrika igotzean, berriz, bihotza minutuko 200 taupadetara iristen da. Zein da muturrekoagoa? Jendeak esaten du guk egiten duguna ez dela batere ona, baina igoera bertikalak are kaltegarriagoak dira.

I.O.: Noski, giharren higadura handiagoa da gurean, ordu gehiago igarotzen dugulako mendian. Zentzu horretan izan daiteke gure astakeria. Baina, ondoren, errekuperatzea ez da hain zaila; bi astean, gorputza bere onera itzultzen da.

I.A.: 200 kilometroko lasterketa batean, inoiz ezin duzu iritsi mugara. Pentsatu behar da halako distantzia bat 50-60 ordutan egingo duzula; kasu horretan, ezin duzu gorabehera handirik eduki. Baina kilometro jakin baterako bihotza 200 taupadetara iristen bada, erretiratu egingo zara, ezin izango diozulako egoerari buelta eman. Jarraikortasun bat izan behar duzu. Zentzu horretan, askoz ere lasaiago da gurea; aldiz, igoera bertikal batean, guztia eman behar duzu ordubete batean, eta hori bai dela benetan txarra.

I.O.: Imanolek arrazoi du. Halako lasterketetan, bizienak baino, jarraikortasun onena duenak irabazten du. Hori garbi ikusten da 80-100. kilometrotatik aurrera, eta nabarmenetako bat Montblanc-eko lasterketa da. Korrikalariak oso azkar irteten dira, eta 100. kilometrora arte bizi-bizi joaten dira. Gero, ordea, horietako asko erortzen hasten dira eta atzetik doazenek aurrea hartzen diete.

Zein da bizi izan duzuen unerik gogorrena?

I.A.: Nik pasatu izan dut gaizki, hain zuzen ere gorputza mugaraino eraman eta egoerari buelta ezin niolako eman. Baina ikasten joaten zara; gorputza ezagutu behar duzu, eta jakin behar duzu zein den zure erritmoa. Bizitzan bezala, kolpeak hartzen dituzu ikasteko.

I.O.: Behin, Monte Perdidora joan ginenean oso gaizki pasatu nuen. Ez zen horren proba luzea, baina bai gogorra. Igoera-jaitsiera asko zituen eta desnibel handia zuen. Zeharkaldi bat zen, eta Imanolekin batera atera nintzen. Bera indartsu zihoan, eta aurretik segi zezan esan nion. Jota geratu nintzen, eta ikusten nuen Imanol bazioala. Lurrean eseri, eta "bazik, bazik", pentsatzen nuen. Altxatzen nintzen, baina ezin; eseri, eta Imanol gero eta aurrerago ikusten nuen. Gero, eman nion buelta eta amaitu nuen proba, baina une horretan, lur jota nengoen. Eta pentsatzen nuen: "Orain, nork atera behar nau hemendik?". Izan ere, inor ez zen pasatzen leku hartatik. Jakinaren gainean nengoen jota nengoela, eta horrek inpotentzia sortzen zidan. Baina ikasi egin dut. Ordutik, gehiago ez zait halakorik gertatu. Orain jakitun naiz noiz jan eta edan behar dudan. Imanolek, esaterako, anoa gunetan jaten du, baina nik neuk eramaten dut jatekoa. Badakit zer jan eta edan behar dudan eta nire gorputza zerrekin doan ondo.

Etxekoek zer esaten dute zuen jardunaz?

I.O.: Bizi egiten dute haiek ere. Anoa guneetara etortzen dira, eta animatzen gaituzte. Gainera, segituan antzematen dute ondo gauden ala sufritzen ari garen. Anoa guneetan kontu kontari edo jaten ikusten bagaituzte, badakite ondo goazela. Baina balantzaren bat egiten badugu edo aurpegi txarra badaukagu, segituan jabetzen dira zer egoeretan gauden.

I.A.: Nire alabak honekin hazi dira, ez dute izan beste erremediorik. Zenbat lasterketetara joan ote dira… Asteburua iritsi eta mendira joaten garenean, ea beraien oporrak beti mendian igaro behar al dituzten galdetzen dute.Halakoetan, saiatzen gara askotariko planak uztartzen, baina horrekin jaio dira. Egia esan, ondo eramaten dute. Ezin naiz kexatu zentzu horretan.

Haiek nola bizi dituzte lasterketetan mendian igarotzen dituzuen ordu horiek guztiak?

I.A.: Etxean geratzen badira, Internetera itsatsita. Lasterketan goazenean, lokalizatzailea izaten dugu, jendeak non goazen jakin dezan. Senideak lasterketara joaten badira, anoa gune batetik bestera mugitzen dira autoz, eta gu handik igarotzerako beraiek iritsita egoten dira. Baina etxean geratzen badira, pantailan agertzen den lokalizazioaren bidez jarraitzen gaituzte. Pilota bat agertzen da bakoitza gauden lekuan, eta pilota mugitzen ari bada, berri ona da, aurrera goazen seinale baita. Baina geldirik badago… Kanpotik gehiago sufritzen da. Izan ere, ni lasterketan noa, eta badakit nola noan. Bi orduz pilota geldirik badago, izan daiteke erretiratu egin naizelako edo, besterik gabe, lo nagoelako. Baina kanpokoak ez daki nola nagoen, eta kezka nagusitzen zaio. Etxekoek ezin digute beti lagundu, eta halakoetan sufritu egiten dute.

I.O.: Batzuetan Imanol bakarrik joaten da lasterketak egitera, eta kasu horietan, Gorettirekin, bere emaztearekin, Whatsapez egoten naiz egun osoan Imanolen berri izan dezagun. Edozein ordu izan daiteke hitz egiten hasteko: 09:00ak, 02:00ak…

 

"Jendeak dio egiten duguna ez dela batere ona, baina igoera bertikalak are kaltegarriagoak dira"

 

Imanol, 1999an hasi zinen mendi lasterketetan.Zenbat aldatu da ordutik panorama?

I.A.: Asko aldatu da. Lehiakortasuna bera aldatu da, egun jende gehiago dabilelako horretan eta horiek hobeto prestatuta daudelako. Gu hasi ginenean, jendea bazegoen, baina batez ere mendi martxetatik gentozenak ginen. Izan ere, mendi martxetara joaten ginen, eta korrika amaitzen genuen ibilbidea. Halako martxa askotan, gainera, mendi batera iristen zinen eta ordu jakin bat baino lehenago ezin zinen abiatu ondorengo mendira; gu korrika joaten ginenez, ordua iritsi arte han zai egon behar izaten genuen. Beraz, mendi lasterketek ahalbidetu ziguten frenorik gabe mendian aritzea. Orduan, mendi martxetan baino azkarrago egiteko asmoz ateratzen hasi ginen lasterketetan, baina gaur gaurkoz, bi gauza oso desberdin bihurtu dira. Egun, guztien helburua da gero eta azkarrago egitea eta norberaren denbora hobetzea. Materiala ere asko hobetu da; oinetakoak, motxilak… Guztia.

I.O.: Egun, batzuk soilik igoera bertikaletarako prestatzen dira, besteak hogei kilometrotako lasterketetarako, besteak Ehunmiliakerako… Oso gutxi dira jarduerak konbinatzen dituztenak. Gehienek entrenatzaileekin prestatzen dira, eta zentzu horretan, elite bat sortu da honen inguruan. Lehiakortasuna ere gero eta handiagoa da.

I.A.: Kirol guztietan dabil jende gehiago. Duela urte batzuk, bost lagun aritzen ginen kiroldegian korrikan. Gaur egun, gainezka dago, kultura aldatu delako, osasun arazoengatik, gorputza zaindu nahi dutelako… Gero eta jende gehiago ibili, orduan eta lehiakortasun handiago egongo da beti. Horrek sortzen du gurpila, eta beti pikatuta ibiltzen gara.

Zu ere lehiakorra al zara, Ixaka?

I.O.: Bai, baina gustatzen zait lehiakortasuna neure markak ezartzera bideratzea. Nire helburua izaten da ahalik eta ondoena egitea. Ez nau mintzen norbaitek aurrea hartzen badit; berdin-berdin joan behar dut astelehenean lanera. Mendi lasterketek ez didate jaten ematen, eta ez litzaidake gustatuko hortik bizitzea. Gaur egun, korrika irteten dut gustatzen zaidalako. Lesio batek eragin dezake hiru hilabetez etxean geldirik egotea, eta profesionala bazara, zoratu egin zaitezke.

I.A.: Nire adinera iristen zarenean, gainera, ezin duzu pentsatu gero eta hobeto egin behar duzunik, baizik eta gero eta okerrago ez egitean baizik. Urtez urte, zailago dago hori ere.

Goia jo duzula uste al duzu, Imanol?

I.A.: Bai, hori garbi dago. Hemendik aurrera mantentzea izango da asmoa. 40 urterekin, artean, ondo moldatzen nintzen. Baina gero eta nekezago ikusten dut neure burua. Batzuetan pentsatzen dut eguna bizi hartu behar dudala eta Xoxotera zuzenean igotzen saiatzen naiz, baina ezta nahita ere. Nik jada ezin dut.

 

"Frontala jarri eta gauez ibiltzen gara. Batzuek beldurra diote, baina badu xarma berezi bat"

 

Erretiroan pentsatzen al duzu?

Ezta pentsatu ere. Orain arteko Ehunmilia guztiak 25 orduz azpitik eginak nituen, eta aurten taldean irten eta 27 ordu pasatxoan egin dut. Makalago eginagatik, asko disfrutatu nuen. Polikiago egingo dut aurrerantzean, baina gustura aritzen naiz eta ondo iristen naiz helmugara.

Zuk, berriz, Ixaka, une oparoan zaudela sentitzen al duzu?

I.O.: Imanolek aipatzen duen aldaketarako gaitasun hori badut oraindik, baina tira, ikusiko dugu…

I.A.: Ixaka txispa hutsa da. Asko du emateko oraindik.

Noiz egin zuten zuen bideek bat?

I.O.: Niretzat Imanol erreferentea izan da betidanik, eta distantziak luzatzen nituen heinean, berarekin elkartzen hasi nintzen.

I.A.: Lehendik ere ibiltzen ginen elkarrekin, baina duela bi urte hasi ginen bikote moduan lehiatzen. Gaur egun, lasterketetan etapaka, bikoteka edo taldeka parte hartzeko aukera egon ohi da, eta modu horretan probatzea pentsatu genuen.

Ixaka, esan duzu Imanol izan duzula erreferentea. Irakaslea izan al duzu?

Bai, dena izan da, finean. Distantzia luzatzen hasi nintzenean, bera nuen erreferentetzat. Imanolekin entrenatzen has nintekeen eguna iritsi zen behin; pixkanaka, jarraikortasun bat hartu nuen, eta proba luze bat egiteko gogoa nuen. Inoiz ez nuen uste egunen batean Ehunmiliak egiteko gai izango nitzatekeenik, baina bilakaera bat izan dut. Imanolek ere animatu egin nau, asko bultzatu nau. Horretarako gakoa egunero entrenatzean dago.

Zer-nolako tandema osatzen duzue?

I.A.: Bera abiadura da eta ni esperientzia.

I.O.: Imanolek nik baino askoz ere jakintza gehiago du, eta une oro ari naiz berarengandik ikasten. Ez dakit esaten zenbat denboran egingo dugun kilometro eta desnibel jakin bat, baina dakidana da nire gorputzak zenbatero jan eta edan behar duen aurrera egin ahal izateko.

Ehunmiliaken aurtengo edizioan taldeka lehiatu zineten, eta irabazi egin zenuten modu horretara. Aurrerantzean, bide horretan jarraitzeko asmoa al duzue?

I.O.: Gauza askok bat egin behar izaten dute, guztion egutegiak, esaterako. Imanolek egun libre gehiago izaten du, nik, berriz, oporrak edo jai egunak izan behar ditut lehiatzeko… Gainera, berak lasterketa bat izan dezake buruan eta nik beste bat. Puzzlea osatu behar izaten da. Lasterketak baino, nahiago dut beste modu batera aritzea mendian. Gure erara ibiltzen, esaterako. Gainera, arlo ekonomikoari ere begiratu behar zaio; ultren izen-emateak 120 euro kostatzen dira, eta urtean halako bost egiten badituzu, ikaragarrizko dirutza da.

I.A.: Halakoetan, oporrekin uztartzen ditugu lasterketak. Esaterako, Chamonixeko lasterketaren izen-emateak 400 euro balio ditu. Eta horri gehitu behar zaizkio autoaren erregaia, egonaldia… Ez da bideragarria. Beraz, oporretarako baliatzen dugu irteera, eta astebete-edo han igarotzen dugu inguruak ikusteko. Hain zuzen ere, modu horretara eginda bidaiatu izan dugu asko.

Izen-emateak garestiak direla diozue, baina aldi berean, gero eta jende gehiago batzen da halako probetara. Moda bat al da?

I.A.: Booma da. Uste dut asfaltoan korrika egitea baino errazagoa dela mendian egitea. Izan ere, mendian geratu zaitezke, atseden pixka bat hartu, inguruak ikusi… Askoz ere eramangarriagoa da. Korrika eta mendia gustatzen zaionarentzat, errazen egiten den jarduera da gurea. Askoz errazagoa da mendi lasterketa bat egitea Behobia-Donostia maratoi erdian denbora ona lortzea baino. Asfaltoarekin aspertu denarentzat eta monotomiatik irten nahi duenarentzat, mendi bueltak korrika egiten hastea aukera aproposa da.

Gero eta proba luzeagoak eta gogorragoak antolatzen al dituzte?

I.A.: Nork proba gogorragoa antolatzea izaten da gaur egun askoren helburua. Euskal Herrian ez da hori gertatzen, ditugun mendiek ez dutelako horretarako aukera handirik ematen. Pirinioetan eta Alpeetan, ordea, askotan ia mugaraino iristen dira. Zenbaitetan, izugarrizko desnibelak jartzen dituzte, alferrikako itzuli ugari duten ibilbideekin.

I.O.: Lasterketa batzuek ibilbide logikoa dute, baina beste batzuetan, adibidez, bi aldiz igo eta jaitsi behar duzu leku beretik. Kilometro gutxitan desnibel izugarria dute, baina lasterketa bera ez da polita ezta logikoa ere.

Non dago muga?

I.A.: Ez dago mugarik, hain zuzen ere, gorputza mugan ez dugulako jartzen. 200 edo 300 kilometro egin, antzekoa da niretzat, beti ere erritmo egokia hartzen badut eta lo noiz egin kalkulatzen badut. Hurrengo urterako 1.001 kilometroko ultra bat antolatu dute Alemanian. Non dago muga? Korrikalariak lo egin eta aurrera jarraituko du. Seigarren edo zazpigarren egunean amaituko du hark, baina tarteko gau bat lo igaroko du eta une oro erritmo berean jarraituko du. Niretzat, kilometroei dagokienez, ez dago mugarik; baina atsedenak badu muga. Urrirako antolatu dute beste proba bat; zazpi kilometroko ibilbide bat du, eta korrikalariak orduro bira bat egin behar dio hari. Ez du lo egiteko astirik izango, eta hor, non dago muga? Korrikalaria erori egingo da, baina ez nekatuta dagoelako, baizik eta loak hartuko duelako. Lorik egin gabe gehien irauten duenak irabaziko du.

Kasu horretan, non dago kirolaren eta osasunaren arteko oreka?

I.A.: Proba horrek behintzat ez du zentzurik. Zalantzak ditut hori kirola izan daitekeen.

Biok ala biok modu jakin batean bizi duzue mendia. Zer eman dizue mendiak?

I.A.: Bizitzeko arrazoi bat ematen dit niri. Lasterketek, berriz, bazter mordoa ezagutzeko aukera eman didate. Lagun asko egin ditut bidean eta abentura pila bat bizi izan ditut. Hori guztia eman dit jardun honek. Bizitzeko modu bat da.

I.O.: Mendia bertan eduki eta ordubetez bada ere hara joateak zentzua ematen dio bizitzari eta egunari. Erlojurik gabe joaten naiz hara, eta gauzez ahazten naiz. Egunero desberdin ikusten duzu mendia, izan daiteke ganaduarengatik, hodeiengatik edo eroritako adar batengatik. Mendiak ez dit beharrik sortzen, baina bai lasaitasuna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide