Etxeetan energia berriztagarriak ezartzen ikasteko tailerra izango da azaroaren 13an

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 29a, 12:56

Azaroaren 13an, asteazkena, Energia berriztagarriak zure etxean… posible da! izenburupean ikastaro praktikoa eskainiko dute Elkargunean, 18:30etik aurrera. Tailerrean parte hartzeko interesa duten herritarrek, azaroaren 11 baino lehen eman beharko dute izena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean etxeetan energia berriztagarriak ezartzen ikasteko tailerra antolatu dute azaroaren 13rako, asteazkena. 18:30etik aurrera emango dute ikastaroa, Elkarguneko Oteiza gelan. Gipuzkoa Argitu programaren barruan, energia berriztagarrien inguruko saio praktikoa izango da, eta ikastaroaren xedea da herritarrek energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak jasotzea. Izan ere, energia berriztagarrien ezarpenerako araudia aldatu egin da, eta ikastaroaren antolatzaileen arabera, aldaketa horiek energia berritzagarrien ezarpena erraztu egin dute etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan. Alde batetik, ikastaroan energia berriztagarriak instalatzeko baldintzak zeintzuk diren azalduko du aditu batek; eta bestetik, instalazio horietan sortutako energia nola erabil daitekeen azalduko du.

Ikastaro horretan parte hartzeko interesa duten herritarrek, azaroaren 11ra arte izango dute izena emateko aukera. Horretarako, oihane@izadi21.eus helbidera idatzi edo 686 42 75 65 telefonora deitu beharko dute (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 16:00etara). Saioaren inguruko informazio gehiago nahi duenak, berriz, honako lotura honetan aurki dezake.

Antolatzaileen arabera, Gipuzkoa Argitu programaren barruko ikastaroek helburu argi bat dute: Gipuzkoako hainbat sektoretan energiaren kontsumoaren murrizketa lortzea, eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarriak bultzatzea. Helburu horiek lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak baliabide multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola aurrez aurreko prestakuntza saioak nahiz on-line tutorialak. Urtea amaitu aurretik, energia berriztagarriak sustatzeko tailerrez gain, etxebizitzetan energia kontsumoaren datuen ezagutzari eta eraginkortasun energetikoari buruzko ikastaroak emateko asmoa ere badute antolatzaileek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide