Azkoitiko 49 odol emaile aitortu ditu Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 27a, 15:45

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako odol emaileei omenaldia egin die gaur. Azpeitiko, Azkoitiko, Aizarnazabalgo, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko 139 odol emailek jaso dute aitortza.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako odol emaileei omenaldia egin die gaur, igandea, Loiolan egin dute ekitaldian. Aurtengoan, Azpeitiko, Azkoitiko, Aizarnazabalgo, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko 139 odol emailek jaso dute aitortza, eta horien artean, 49 izan dira azkoitiarrak. 

25 ateraldi egiteagatik zilarrezko domina banatu diete 61 laguni. Beste 39 lagunek 40 eta 50 ateraldi artean egin dituzte, eta horiek urrezko domina jaso dute. 60-75 odol emate egin dituzten 24 lagunek nahiz 80 odol ateraldi egin dituzten hamar lagunek Emaile Bikainaren Saria jaso dute, eta ehun ateraldi egin dituzten bost lagunentzat, beste oroigarri bana banatu dute. 

Gipuzkoako elkarteak eskerrak eman dizkiete odol emaile guztiei, eta gogoratu dute horien ekintza "ezinbestekoa" dela. "Odol emailerik gabe, ospitaleek ezingo lukete funtzionatu", azpimarratu dute. Era berean, Carlos Peña igerilariari esker bereziak eman dizkie elkarteak. Izan ere, tolosarrak 24 orduz igeri egin zuenjoan zen hilaren 13an Zumaiako uretan, eta orduan egindako balentria gogoratu dute gaurko ekitaldian. 

Herrika banatuta argazkiak atera dituzte omenduek, eta domina banaketa baino lehen, meza egin dute basilikan, eta egitasmoa borobiltzeko bazkaritarako elkartu dira Kiruri jatetxean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide