33 ikaslek parte hartuko dute Mundukoloreak programan

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 25a, 13:15

Euskara ikasteko Mundukoloreak programa aurkeztu dute gaur, ostirala, udaletxean. Aurten, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 33 ikaslek parte hartuko dute programan. Guztira, 23.100 euroko aurrekontua izango du egitasmo horrek.

Beste urte batez, abian da Azkoitiko Udalak eta AEK-k lankidetzan abiatutako Mundukoloreak programa. Egitasmo hori euskaraz ez dakiten Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako haurrei eta gaztetxoei zuzendurik dago. Aurtengo edizioan, guztira, 33 ikaslek parte hartuko dute; horietatik 22 LHko ikasleak dira, eta 11, DBHkoak. Gaur, ostirala, aurkeztu dute programa udaletxean, eta bertan izan dira Mari Jose Arregi Udaleko Euskara zinegotzia, AEK-ko ordezkariak nahiz egitasmoan parte hartuko duten haurren gurasoak.

Udalak adierazi duenez, duela urte batzuk herriko ikastetxeek etorkinentzat errefortzu eskolak jartzea eskatu zuten, ikasleek hezkuntza zentrotik kanpo ere euskara ikasteko aukera izan zezaten. Eskaerari erantzunez, Udalak AEK-ko kideekin batera Mundukoloreak programa abian jartzea erabaki zuen Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko gaztetxoentzat. Hala, azken bi urtetan kanpotik Azkoitira bizitzera joan diren gaztetxoek errefortzu eskolak jasotzen dituzte arratsaldero. Udalaren arabera, egitasmoaren helburua ikasleek "lehenbailehen" euskara ikastea da, D ereduko hezkuntza sisteman integratu daitezen. Guztira, 23.100 euroko aurrekontua bideratu du Udalak egitasmo horretara.

Bestalde, Udalak adierazi duenez, egitasmoaren helburua programan parte hartzen ari diren ikasleen gurasoak "euskarara erakartzea" ere bada, baita haiek euskararen erabilerarekiko "jarrera positiboa" izatea ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide