Adinekoen egoitzetako langileek oinezko martxa egin dute lan hitzarmena eskatzeko

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 17a, 12:00
Adineko egoitzetako langileen martxa, herriko plazan.

ELA sindikatuak deituta, zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek protesta egin dute gaur, osteguna. 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira mobilizatzen azken egunotan.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak 118 egunetik gora daramatzate greban, beraien lan baldintzak aldarrikatzen. Urriaren 7an, herriz herriz hasi ziren oinezko martxak egiten, euren gatazka Gipuzkoako herri desberdinetan sozializatzeko asmotan. Gaur, osteguna, Azkoitian egin dute lehenengo ibilbidea. San Jose egoitzatik 10:30ak pasatxo zirela abiatu dira langileak, eta herriko plazan amaitu dute ibilbidea, 11:15ean. Udal Gobernuari, gainera, dokumentu bat helarazi dio, gatazka konpontzeko baliabideak jartzeko eskatuz. Herri bakoitzeko egoitzetako ordezkariak dokumentua erregistratzen ari dira udaletxeetan.

 

100 egun baino gehiago greban

Langileek ehun egun baino gehiago daramatzate greban lan hitzarmenaren alde. Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu nahi dute martxetan, ELA sindikatuak azaldu duenez. "Argi daukagu zergatik ari den hau gertatzen, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inolako soldatarik jaso gabe, gainera. Gaur egun, gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago jasotzen ditugu urtean, emakume izate soilagatik". Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira emakume horiek protestan. 2017an ekin zioten negoziazioari, eta gaur egun, oraindik ere, "egoera hankaz gora" dagoela salatu dute.

Oinezko martxa Kale Nagusian zehar.

Pankarta erraldoia egoitzetako langileen eskuetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide