Ekitaldiz beteta, bueltan dira Bebarruko Jardunek

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 14a, 10:00

Ostegunean, hilak 17, hasiko dira Bebarruko Jardunek Matadeixen. Ikus-entzunezkoak, musika eta antzerkia izango dira protagonista. Hain zuzen ere, hamabi musika talde nahiz bakarlari, sei film eta antzerki bat ikusteko aukera izango da aurten, azaroaren 20ra bitartean.

Beste behin, hemen dira Bebarruko Jardunek Matadero Ekintzak taldearen eskutik. Urriaren 17a, osteguna, izango da lehen ekitaldia eta azaroaren 20ra bitartean askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izango da Matadeixen; ikus-entzunezko emanaldiak, musika eta kultura izango dira protagonista hilabetez. Guztira, 12 musika talde nahiz bakarlari, sei film eta antzerki bat ikusteko aukera izango da aurtengo edizioan.

Kontzertuei dagokionez, Euskal Herriko hainbat talde nahiz nazioarteko musikariak igoko dira Matadeiko agertokira. Ester Poly bikote suitzarra eta Orbain Unit Bilboko taldea izango dira Bebarruko Jardunek inauguratuko dituztenak. Suitzarrak 2013. urtean hasi ziren elkarrekin inprobisatzen eta jazz nahiz punk musika uztartzen dituzte, besteak beste. Bilbotarrek ere askotariko estiloak nahasten dituzte taula gainean; bateriarekin, gitarrarekin, saxofoiarekin, baxuarekin eta bateriarekin igoko dira agertokira. Horrez gain, beste hainbat musikari ikusteko aukera izango da Matadeixen; Leun Dura, Nize, Sajjra eta Cecilia Payne, beste hainbaten artean.

Bestalde, Izu zinezkoak zine zikloa bueltan da azarora bitartean, zonbien sei film ikusi ahal izango dira Matadeixen. Igandean, hilak 20, Napardeath filmarekin hasiko da zikloa 19:00etan, eta zuzendariaren aurkezpena eta luntxa izango dira. Gainontzeko bost filmak asteazkenetan emango dituzte 21:30ean; The Battery, Dead don't die, Shawn of the dead, One cut of the dead eta I am hero, hain justu.

Antzerkia ikusteko parada ere izango da Matadeixen. JB pedradasek Belmez antzezlana taularatuko dute urriaren 27an, igandea, 19:00etan hasita.

Hona hemen Bebarruko Jardunen egitarau osoa, egunez egun:

  • Urriak 17, osteguna: Ester Poly eta Orbain Unit talden kontzertua, 21:30ean hasita.
  • Urriak 20, igandea: Napardeath filmaren emanaldia, zuzendariaren aurkezpena eta luntxa, 19:00etan hasita.
  • Urriak 23, asteazkena: The Battery filmaren emanaldia, 21:30ean.
  • Urriak 24, osteguna: Vietcong eta Buztinezko etorkizuna taldeen kontzertua, 21:30ean.
  • Urriak 27, igandea: Belmez antzezlana JB pedradas taldearen eskutik, 19:00etan hasita.
  • Urriak 30, asteazkena: Dead don't die filmaren emanaldia, 21:30ean.
  • Urriak 31, osteguna: Leun Dura, Neobot eta Massa Confusa taldeen kontzertuak, 22:30ean.
  • Azaroak 6, asteazkena: Shawn of the dead filmaren emanaldia, 21:30ean.
  • Azaroak 9, zapatua: Nize, Cecilia Payne eta Lukiek taldeen kontzertua, 22:00etan hasita.
  • Azaroak 13, asteazkena: One cut of the dead filmaren emanaldia, 21:30ean hasita.
  • Azaroak 15, ostirala: Nu No, Sajjra, Krapoola eta Distopia DJs taldeen kontzertuak 22:30ean.
  • Azaroak 20, asteazkena: I am hero filmaren emanaldia, 21:30ean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide