Andres Etxabe: "Elosukoa azoka berezia da, beti gustura joan izan gara hor gora"

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 11a, 11:02
Andres Etxabe, Azpeitiko azokan jartzen duen saltokian hartutako irudian. Bihar Elosuan izango da, urtero legez. (Nerea Uranga)

Ez daki urte kopurua zehazten, baina bai mende laurdena baino gehiago daramala Elosuko feriaren bueltako azokara joaten, eta hazten joan den azoka horretako aurreneko saltzaileetakoak izan zirela bera eta etxekoak. Familiaren abizena daraman gaztandegia dute Urretxun Andres Etxabek (Legazpi, 1964) eta anaiak, baina gaztaz gain beste hainbat produktu eramaten dute saltzera azoketara. Elkarrizketa egin diote Urola Kostako Hitzan.

Noiz hasi zineten Elosuko feriara joaten?

Ez dakit data zehazten, 26 eta 30 urte inguru joango ziren lehen aldiz izan ginenetik, baina azokako postuen artean lehenengoak izan ginen, ogiarekin joaten ziren Urretxuko Sagaspe baserrikoekin batera. Poliki-poliki, gero eta saltzaile gehiago joan ziren gehitzen, denetarikoak eta toki askotakoak: Bizkaikoak, Arabakoak, Nafarroakoak…

Nolatan hasi zineten berez ganadu feria soilik zen ekitaldian saltokia jartzen?

Ganadu feria eta erromeria egiten zirela bagenekien, eta gu azoketan saltzen ibiltzen ginenez, Elosuan ere probatzea pentsatu genuen. Antolatzaileengana joan ginen galdetzera, eta horrelaxe hasi ginen joaten.

Lehen alditik aurrera urtero izan zarete Elosuan. Hutsik egin gabe?

Bai, urtero eta hutsik egin gabe joan izan gara. Aurten ere badugu joateko asmoa. Hasierako urteetan ez bezala, orain oso goiz joan behar izaten dugu, ia gauez, toki ona hartu ahal izateko. Izan ere, salmenta postuentzako tokiak prestatuta izaten dituzte, baina ez daude izendatuta, eta iritsi ahala joaten gara postuak aukeratzen.

Azokaz azoka ibiltzen zarete. Nora joaten zarete?

Astelehenetan Gernikan, astearteetan Azpeitian, asteazkenetan Ordizian, ostegunetan Elgoibarren eta ostiraletan Legazpin egoten naiz. Larunbatetan, lehen Zumarragan egoten nintzen, Tolosan ere bai sasoi batean; baina gaur egun asteburuetan horrenbeste azoka eta feria berezi egoten direnez, asteburuetako ohiko azokarik ez dugu egiten. 40 urte daramatzat azoketara joaten.

Ezagutzen dituzun beste azoka bereziekin alderatuta, zer nabarmenduko zenuke Elosukoaz?

Elosukoa azoka berezia da, beti gustura joan izan gara hor gora. Betiko bezeroak dauzkat han, Azpeitiko eta Azkoitiko jendea, eta Bergarako feria berezietatik ezagutzen ditudanak ere bai. Ezagutzen naute, eta eguraldia ona bada, bezero horiek Elosura joaten zaizkit erostera. Bestetik, ohiko azoketara sekula joaten ez den jendeari gure produktuak ezagutarazteko aukera ere ematen du Elosuak. Gazte jendea gero eta gutxiago joaten da betiko azoketara, ezin dute joan, eta arazoa daukagu hor.

Saltoki ona al da Elosua?

Bai, gu gustura gaude behintzat, eta urtero joaten gara. Urtetik urtera postu gehiago jarri dituztela kontuan hartuta, saltzeko toki ona dela pentsa daiteke. Azkenaldian hogei bat postu izaten gara, eta uste dut toki gehiago egongo balitz, are postu gehiago jarriko lituzketela.

Eguraldi ona iragarri dute biharko.

Bai, eta alde handia da hori Elosurako. Mendian dago, eta txarra denean, are txarragoa izaten da han eguraldia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide