Dagoeneko eman daiteke izena XLVI. Kontzejupeko Pilota Txapelketan

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 3a, 15:18

Laster hasiko da XLVI. Kontzejupeko Pilota Txapelketa, eta dagoeneko eman daiteke izena bertan. Benjaminek, kimuek eta infantilek binaka jokatuko dituzte partiduak; kadeteek eta jubenilek, aldiz, banaka. Urriaren 13a, igandea, izango da txapelketan izena emateko azken eguna. 

Beste urte batez, Kontzejupeko Pilota Txapelketa jokatuko da Azkoitian. XLVI. edizioa izango da aurtengoa, eta dagoeneko eman daiteke izena txapelketan. Interesatuek urriaren 13a, igandea, baino lehen eman beharko dute izena Gurea pilotalekuan edo 667 50 39 18 telefonora whatsapp mezua bidalita. 

Partidu guztiak Kontzejupen jokatuko dira, bai neskenak eta bai mutilenak; benjaminek, kimuek eta infantilek binaka jokatuko dute, eta kadeteek eta jubenilek, banaka. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte-hartzaile guztiek galtza txuriak jantzita jokatu beharko dituzte partiduak. Norgehiagokak astelehenetik ostegunera jokatuko dira, eta beharrezkoa bada, asteburuetan ere jokatuko dira.

Ondorengoak izango dira txapelketako kategoriak:

  • Benjaminak, 8-9 urtekoak (2010-2011 urteetan jaiotakoak)
  • Kimuak, 10-11 urtekoak (2008-2009 urteetan jaiotakoak)
  • Infantilak, 12-13 urtekoak (2006-2007 urteetan jaiotakoak)
  • Kadeteak eta jubenilak, 14-18 urte artekoak (2002-2005 urte bitartean jaiotakoak)
  • Nagusiak (2001 edo lehenago jaiotakoak)

Txapelketaren antolatzaileek azaldu dutenez, partiduak ez dira atzeratuko arrazoi garrantzitsurik ez bada (gaixotasuna, medikua...).

Xehetasun gehiagoren berri izan nahi duenak, 667 50 39 18 telefonora deitu edo azkoitiotepilota@hotmail.com helbidera idatzi dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide