Erorikoak Prebenitzeko Tailerra antolatu dute laugarrenez, eta izena eman daiteke

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 2a, 13:15

Urriaren 15ean izango da doako ikastaroa, eta alde teorikoa eta praktikoa izango ditu. Herritarrek hilaren 14ra bitartean eman dezakete izena.

Udaleko Gizarte Ongizate sailak, Osasun Publikoarekin eta Azkoitiko anbulatorioarekin elkarlanean, Erorikoak Prebenitzeko Tailerra antolatu du 60 urtetik gorako adinekoentzat. Urriaren 15an izango da saioa, eta aurreko egunera arte eman ahal izango dute izena, anbulatoriora joanda edo 943-00 76 10 telefono zenbakira deituta.

Doako saioa izango da, eta euskaraz emango dituzte azalpenak. Urriaren 15ean, 09:15etik 12:15era bilduko dira Elkarguneko Oteiza gelan, eta bi zati izango ditu tailerrak; teorikoa eta praktikoa. Zati teorikoan, kalean edo etxean egon daitezkeen edota adinean aurrera sortutako aldaketa fisiologikoek eragin ditzaketen arrisku faktoreak jorratuko dituzte. Era berean, ildo horretan herritarrek eskuratu ditzaketen zerbitzuen eta baliabideen berri ere emango diete. Arlo praktikoa, berriz, ariketa fisikoan oinarrituta egongo da, eta ohean edo aulkian egoteko jarrera egokiak, makuluen erabilpenak edota altxatzeko teknikak landuko dituzte.

Laugarren urtez jarraian antolatu dute ikastaroa herrian, pertsona nagusiek izan ditzaketen arriskuez jabetu daitezen. Izan ere, antolatzaileek adierazi dute 60 urtetik gorako pertsonen erdiek jasaten dutela erorikoren bat urtean eta horien izaten dituzten istripuen %90etik gora erorikoak izaten direla.

Tailerrak plaza mugatuak ditu, baina herritarrak kanpoan geratuz gero, antolatzaileek ez dute baztertzen beste saio bat prestatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide